Zumaiako hitz bereziak: MALMOKA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko eka. 24a, 15:06

Udan egun batzuetan malmoka asko ibiltzen dira itsasertzean. (Argazkia: baleike.eus)

Ikasturtea amaitzeko Abelinek esandako hitz bat ekarri dugu. Irailean itzuliko gara, eta bitartean zuek jarraitu hitzak proposatzen eta oharrak egiten euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera idatzita (Xabier).

Marmoka edo medusari Zumaian “malmoka” ere esaten zaio. Abelin Linazisorok landutako zerrenda ohar hauxe jarri zion hitzari:

MALMOKA Harrigarria hitz  honen bilakaera. Zumaian betidanik esan izan den hitza, Zumaiara bizitzera etorritako inguruko baserritarrek (Arroa, Itziar…) zumaiarroi entzun ostean beraiek marmoka esaten hasi ziren. Euskal hiztegietan ere marmoka dago jasota.

Resurrección Maria Azkuek 1906an argitaratu zuen hiztegian jasota dago “marmoka”, eta Bizkai aldean (Mundakan, Lekeition…) erabiltzen zela zehaztu zuen. Ahotsak.eus webgunean egindako bilaketan ere hango adibideak ageri dira: Bermeo, Lekeitio, Ondarroa… Bermeon gutxi mugitzen den pertsonari deitzen omen diote horrela: “Zu, marmoka, erdu auna, ia espabilleten bazaitxut”.  Mundakan “marmo-bolie” ere esaten zaio; itxura denez, urtarril-otsail inguruan hil egiten da marmoka, eta hondoratzean, bolak sortzen dira desegin aurretik; bola horiekin sareak erre edo hondatu egiten omen ziren, Bermeoko emakume honek azaldu zuen bezala.

Ondarru berbetan bilduman azalpen zehatza aurkitu dugu:

Aterkiaren formako gorputz likatsu gardena dute, eta urak epeltzen direnean agertzen dira; bere erroez ukituz gero, azalean arazoak sortzen dituzte:  “Urako egun batzutan kontuz ibilli birrixaten gendun marmokakiñ”. Ur irakinetan marmoka edukiz gero desagertu egiten da, bera, ura besterik ez baita.

Eta istorio polit bat ere kontatzen dute. Zumaian berdin-berdina entzuna dugu, baina zumaiarrek Azpeitiko taberna batean egin zutela kontatuta:

Ondarrutar arrantzale batzuk Gorozikara joan ziren han hamarretakoa egiteko asmotan, baina, ez zeukaten ezer. Marmoka handi bat eraman zuten, eta tabernako etxekoandreari esan zioten mendi-buelta egitera zihoazela eta marmoka jartzeko irakiten, baina, beraiek etorri arte ez irekitzeko lapikoa. Andreak jarri zuen irakiten marmoka eta arrantzaleek joan ziren mendi aldera. Etxekoandreak, luze iritzita lapikoa ireki egin zuen ikusteko ea zer berri zen han barruan. Berak sartu zuen marmoka lapikoan baina, han ez zegoen ezer. Arrantzaleek itzuli ziren:

- Orain zabaldu lapikoa eta atera marmoka.

- Hor barruan ez dago ezer.

- Nola ez dagoela ezer. Lapikorik ez zenuen zabalduko, ezta?

- Bai. Ikusteko egosten nola zihoan, zabaldu egin dut.

- Esan dizugu, ba, gu etorri bitartean ez zela zabaldu behar.

- Bueno, lasai mutilak. Nik prestatuko dizkizuet arrautzak eta txorizo zati bana.

Horrela, baserritarrak ipinitako arrautza parea eta txorizo muturra jan eta bapo etxera, inoren kontura hamarretako ederra eginda.

Gozatu udako oporraldia eta ur ertzean kontuz ibili malmokekin!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide