Olagarroak harrapatzeko erabiltzen den tresna bati deitzen zaio Zumaian kakoa (ahoz kakua) edo gantxoa (ahoz gantxua). Brankada edo haitzarteetan sartuta dauden olagarroak kakoekin atera izan dituzte zumaiarrek. Kako handiagoak atunak ontzira sartzeko erabili izan dituzte arrantzaleek.
Anjel Osa zenak bideo honetan azaltzen duenez, marka batzuk lagatzen ditu olagarroak zuloaren inguruan (hamarren arrastoak, hondarra…) eta horiek ezagututa errazagoa da olagarroa non dagoen jakitea. Kakoa Algorritik Sakonetarako tartean erabiltzen da; Itzurun-Inpernupe aldean aritzeko, berriz, kanabera da ohikoa, muturren trapu zuria eta hamarra (edo beste zerbait) jarrita.
Pikote baserriko Klaudio Etxabe zenak beste bideo honetan kakoak nolakoak diren erakusten du, eta olagarroak nola harrapatzen diren ere bai.