Ukuilurako erabiltzen den aitzurrari esaten diogu Zumaian “okoilo-atxurra” (ahoz “okollotxurra”). Oikian antzera esaten da, “okoilu-atxurra”, eta Zestoan “okoillatxur” deitzen diote. Lau hortzeko aitzur bat da, sarde itxurakoa, eta gehienbat ukuiluko lanetarako erabiltzen da, azpiak ateratzeko-eta; hala ere, kanpoko lanetarako ere balio du: simaurra soroan banatzeko, belarra ondo kokatzeko, etab. Barandiaranek idatzia da Murumendiko dama “ikullu-atxurrarekin” ilea orrazten ikusi zutela askok.
Motxenea kale-baserriko Teodoro Azkue zenak Goiko koxkatik blogean 2012an idatzitakoa da adibide hau:
- Gu mutikoskorretan hiru egun leno haste giñan sasi-karretuan, gure aihotzakin. Eta sasiyak arrastaka karriatzeko, berriz, okollotxurra erabiltze gendun.
Harraldeko arrantzan ere erabili izan da aitzur berezi hau, hala azaldu zuten 1990eko mahai-inguru batean Itziar Trekuk eta Erramun Manterolak:
- Hamarrak’e bai urte batian, zenbat hamarra harrapatu zian Zumadxan, okollo atxurrakin.
- Behin batian hemezortzi zontollo haundi hartu genduzen okollo atxurrakin.