Arraina saltzen aritzen den den pertsonari deitzen esaten diogu Zumaian “arranduna”. Beste herri batzuetan “arrainduna” esaten dute, eta halaxe jasota dago hiztegietan. Ondarroan, berriz, “arrainddune” esaten dute.
Goiko plazan aspalditik egon izan dira arrandunak, baina urtez urte gutxitzen joan dira. Hara zer zioen Arritxu Zubiak 1995eko irailean, Baleike aldizkariaren 16. zenbakian:
Arritxu arrandunaren ustez, “Orain jende gutxiago etortzen da pixkat abandonatua dagolako. Garbitasuna, pintura pixkat eman ... horrelakoak egin behar lituzke udaletxeak. Plazari bizitasuna falta zaio".
Duela 20 bat urte egin zituzten obrak plazan, eta barruan supermerkatua zabaldu. Hara nola azaldu zituzten lanak 2001eko apirilean Baleike aldizkarian, 81. zenbakian:
Aurrealde horretan aterpe bat izango du eta baserritarrentzat saltokiak moldatuko dira; supermerkatuan sartzerako hiru postu egongo dira, bi orain dauden arrandunentzat eta hirugarrena etor daitezkeenentzat.
Aldizkari horretan bertan azaldu zuten azokaren egoera nolakoa zen:
Azokan lau katu. Bi arrandun postu daude orain azokan, Maite Urbieta eta Balentziagatarrenak. Baserritarrak, berriz, bospasei. “Belen Torrekua, Dora Gurmendi baserrikoa, Ines Bedutxikikoa, Ebarista Larretxenekoa, Pepita Gorosti handikoa, eta Bitoriano Antia Kanteakua. Juanita Basustakua ere etortzen zan bere loriekin” egiten du Maitek zenbaketa.
Garai batekoarekin alderatuta ez dauka kolorerik. “Ni umea nitzala, amari laguntzera etortzen nitzanian Joakina Porte, Axuntxion Silvestra, Rufina Morena eta ama, Pepita Egaña, lau postu baziren behintzat bertako arrandunenak. Gero antxoa eta atun garaian zinta buruan jarri eta Getariatik arraiakin kargatuta oinez etortzen ziranak ere mordoa. Baserritarrak ere pila bat, eta mugimendua irekitzen zenetik hasi eta goiz guztian” gogoratzen du.
Arrandunak kalez kale ere nola ibiltzen ziren azaldu zuen Arritokieta Manterolak 2007an ahotsak.eus gunean. Kofradian arrandun bakoitzak bere eserlekua zuen benta edo salmenta egiten zenean. Arrain otarkada buru gainean hartu eta kalean ibiltzen ziren deiadarka, arraina saltzen.
Bukatzeko, aste honetan ere Motxenea kale-baserriko Teodoro Azkueren adibide bat ekarriko dugu, Goiko koxkatik blogean 2012an idatzitakoa:
Ketaiko arrandunak etortzen ziran Zumaiko plaza, ta gure amak, hayekin hixketan, Ketayan Zabalanian neskak falta zituela jakintzun.