Zumaiako hitz bereziak: HANKA HUTSIK

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko aza. 11a, 15:00

Ona omen da txikitatik hanka hutsik ibiltzea. (Argazkia: guraso.eus)

Gorputzaren atal batekin lotutako adberbio bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Oinetakorik gabe, oinutsik egoteari esaten diogu Zumaian eta inguruan “hanka hutsik”. Zestoarren erretolika liburuan ere jasota dago, adibide honekin: “Sukaldian iya beti hanka-hutsik ibilitzen zan”.

Baleike aldizkariaren 94. zenbakian topatu dugu Zumaiako lehen adibidea, 2001eko azaroan surflari zumaiar batzuek Indonesiako ibilerak kontatu zituztenekoa:

Sinesmen aldetik ere bereziak omen, han txakurrak hanka hutsik ibiltzeaz gain, baztertuta bizi dira, arima txarren errenkarnazioa omen direlako

Aldizkari horren  104. zenbakikoa da bigarren adibide hau, 2002ko urrikoa, Joseba Ossak Kongoko kontuei buruzko azalpenak eman zituenekoa:

Hasieran pelikula bat ikusten ari zarela pentsatzen duzu, hain da mundu desberdina: jendea hanka-hutsik, hainbeste ume, argal-argalak…

Azken adibidea ere Baleike aldizkaritik hartua da, 150. zenbakikoa,  2006ko abenduan Patxi Aristiren senideek emana:

Hurrengo pausoa metal detektagailutik pasatzea izaten da. Intentsitate desberdinetakoak dauzkate. Batzuetan ez da sumatzen; besteetan, berriz, pi eta pi, jo eta jo, hanka hutsik geratu arte.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide