Fringilidoen familiako hegazti paseriformea da karnaba (Carduelis carduelis), eta “kardantxuloa” (ahoz “kardantxulua) esaten diogu Zumaian. Abelin Linazisorok jaso zuen bere zerrendan, eta inguruko herrietan ere berdin erabiltzen dela ikusi dugu: Zarautzen, Getarian, Aizarnan, Itziarren… Hegaztiei buruzko informazio oso baliagarria bildua du Asier Sarasuak txoriak.eus gunean, eta txori honi deitzeko beste izen batzuk ere zerrendatu ditu: filigero, firingalo, gardantxillo, guardantxulo, kaiolatxori, kardantxilo, kardelina, kardinale, kardinero, kardutxori, krabelin polit...
Zumaian bezalaxe, Zarautzen ere bazegoen ohitura txoritan “reklamoan” aritzeko, eta zarauztar batek ahotsak.eus gunean azaldu zuenez, gehien harrapatzen zituztenak “kardintxuluak”, txokak eta tarinak izaten ziren.