Zumaiako hitz bereziak: AGAR

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko ots. 17a, 08:20

Agar batzuek animalien itxura izaten dute. (Irudia: publicdomainpictures.net). Surtatik egurrera pasatuko gara aste honetan, eta hitz ezagun baten aldaera bat ekarri dugu. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Toki gehienetan “adar” esaten zaionari (zuhaitzena, behi edo zezenena…) deitzen diogu “agarra” Zumaia; Zarautzen ere erabiltzen da “agar”, Zarautz hizketan liburuan ikusi dugunez. Beste herri batzuetan, berriz, “abar” erabiltzen da. Bitxia da XVI. mendeko  Landuchioren hiztegian “espina”(arrainen hezurra) adierazteko ere erabiltzen dela “agarra”.

Abelin Linazisorok Baleike aldizkarian 2009ko maiatzean esandakoa da lehen adibidea, 177. zenbakikoa:

Forondako goxan, han, muiñua ziok, arbola asko ziuan, ta arbol haxeta ixo, ta batetik bestea agarretatik pasatzen gitxuan Tarzan bezela, diarka…

Abelinek berak “Gure Zumai zarra” atalerako egindako elkarrizketetan badaude adibide gehiago ere. Alberto Urangarena da hau, 2009ko otsailekoa, 174. zenbakian:

Han eoten huan zai aittatta. Hau ein behar det, geo beste hura, arbola horrei agarrak moztu…

Karmelo Zendoiak, 2008ko urtarrilean, 162. zenbakian:

Laratxetikan 36-40 kilometrora. Arjelia aldera. Bialdu zie lau morokin zaztarkei bila. Sastraka eta agar bila sua eiteko.

Lore Albizuk, 2008ko apirilean, 165. zenbakian:

Osabak jakin paga eman behar ziula eta hura beti guri agarra jotzen.

Teodoro Azkuerena da azken adibidea, Goiko koxkatik blogekoa:

Bagendun zakuzko zezen bat, neuk preparautakua. Buruan agarrak, eta atzian, buztanen partez, kumuneko eskoba txiki bat, zintzilika.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide