Zumaiako hitz bereziak: (IPURDIKO) MANTSOAGATIK

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko mar. 24a, 08:00

Aizkolariek “ipurdiko mantsoagatik” ebakitzen dituzte enborrak.(Argazkia: 1974koa, Gipuzkoa Kultura)

Telebistan ari ziren aizkolariei begira Brigida Ibarbiak erabilitako esapide berezi bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zerbait oso azkar egiteari esaten diogu Zumaian eta inguruan “mantsoagatik” (ahoz mantsuatik) egitea. Zestoarren erretolika liburuan azaltzen denez, sinonimoak dira “makalagatik” eta “hotzagatik” ere, eta batzuetan aurrean “ipurdiko” jartzen zaie esapidea indartzeko: Ipurdiko makalatik aldeintzun! Mantsuatik intzizkiñanan eskolako lanak. Gotzon Garatek Erdarakadak liburuan “mantsutik” ere jaso zuen, “aixa” eta antzeko beste esapide batzuen ondoan.

Zumaian topatu dugu beste adibide bat, Jexux Etxabek 2004an Abelin Linazisorori esandakoa, Baleike aldizkariaren 123. zenbakian:

  • Harrezkero, "Txo, kantaixu!", eskatzen zidan bakoitzean mantsuagatik kantatzen nian, bai! Hura niretzat banketea izaten huan!

Zarauzko lekuko baten adibidea da beste hau, Ahotsak.eus gunekoa:

  • Bai, hua oillotokitikan ateratzen zanian, hanka jaso bihar izaten giñun guk, mantsuagatik itxea.

Zestoan esapideak duen indarraren erakusle, bi adibide. Jon Artano kazetariak Argia aldizkarian:

  • Zestoako euskara teknikariak ere, Nora Palmitanok, oraintsu jakin du alkate andrearen kontua eta mantsoagatik arakatu du udal artxibategia.

Fernando Arzallus kultura teknikariak Danbolin.eus gunean

  • Intolerantzia eta bazterketa haize haiek mantsoagatik iritsi ziren Gipuzkoara ere eta handik gutxira, 1527an Zestoan egin ziren Batzar Nagusietan

Urolaldean topatu ditugu beste adibide gehienak ere. Pedro Arizaga aizarnazabaldarrak Urola Kostako Hitzan:

  • Okindegian baino gehiago irabazten nuen Brinkolan. Mantsoagatik utziko nuke lana, telebistara dedikatzeko"

Azpeiti eta Azkoiti aldeko idazle eta kazetari hauen lanetan ere aurkitu ditugu adibide batzuk: Felipe Juaristi (Azkoitia), Pako Aristi (Urrestilla), Miel Anjel Elustondo (Azpeitia), etab. Maxixatzen elkartean webgunean ikusitakoa da hau:

  • Orduan, lantaldeak beste tirada bat martxan jartzea erabaki zuen, 3.000 alekoa, eta mantsoagatik banatu zuten herri osoan zehar.

Eñaut Frantzesena azpeitiarrak Uztarria aldizkariaren webgunean idatzitakoa:

  • Lurrean eseri zirenean zezenak atera behar zituztela kamioitik, mantsoagatik mugituko zirela orduan.

Beste herri batzuetakoek ere erabiltzen dute esapide hau. Andoni Egaña zarauztarrak, horrelaxe idatzi zuen Berria egunkarian:

  • «Goazen mutilak! Gero ere geuk egin beharko diagu eta!». Oholtzarako eta mikrofonoetarako bidea hartu genuen mantsoagatik.

Hernaniko Kronika egunkarian eta webgunean ikusitakoa da hau:

  • Sube berdiak estu ikusten badu bere burua, usai ustela ixuriko du bere eskametatik, eta hura ahoan daramakien pixtiak askatuko du bai, mantsoagatik.

Jesus Mari Mendizabal Bizargorri ormaiztegiarrak Hondarribia aldizkarian idatzitakoa da hau:

  • Jakin zuten mantsoagatik zer den eguzki galdatan egarriak itota ibiltzea.

Luis Rezola Arana Tximela bertsolari tolosarrak Bakardadeko ametsak II liburuan idatzitakoa da azken adibidea:

  • Eiztariak, kargak arintzeagatik, gari tartean sortak utzi ta iges, al zun tokira. Abarkak galdu bazitun ere, mantsoagatik ezkutatu omen zan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide