Duela hamarkada batzuk baserri inguruetan oihalak eta beste gai batzuk saltzen zituenari deitzen zitzaion Zumaian eta beste herri batzuetan “paxiegoa” (ahoz “paxiegua”) edo “paxieroa”. Garai batean Kantabriako Pas bailaran horrela ibiltzen omen ziren asko, eta handik hasi omen ziren lurralde hauetara etortzen. Ahotsak.eus gunean lekuko azpeitiar batek emanak ditu horren inguruko azalpenak.
Antzeko saltzaile batzuk ere baziren, guraizeak eta labanak ere eskaintzen zituztenak, eta haiei “kinkillero” izena ematen zieten beste herri batzuetan. Euskaltzaindiaren Herri Hizkeren Atlasean agertzen dira horrelako beste izen asko: mertxentero (Getaria), mertxero (Orio), komerziante (Tolosa), biajante (Andoain), kinkilleru (Oñati), etab.
Zumaian bazen familia bat “Paxiegonekoa” edo “Paxieronekoa” esaten zitzaiona, seguruena lehengo kideren bat hala ibilia izango zelako. Familia horren ondorengoek oihal denda bat eduki zuten Goiko plazan XX. mendeko erdi aldetik aurrera. Abelin Linazisorok Irene Yeregiri “Gure Zumai zarra” atalean egindako elkarrizketa honetan agertzen da aipamen bat, Baleike aldizkariaren 152. zenbakian:
- Ba, bi emakumeei ilea zero moztu zioten. Bat Jexuxa Rapa zan eta bestia Paxiegoenekoa. Ilea zero moztu eta kalian ibiliazi ein zituzten.
Alizia Perezi ere egin zion beste elkarrizketa bat Abelinek, 169. zenbakian, eta han ere berdin:
- Gu herritik kanpo giñala aprobetxatu zuten gure itxia hartzeko. Orduan gure osabak kalle Zunbillon bilatu zun itxia. Paxiegoneko Trini-eta bizi zian hortan. Hantxe hirugarrengo pixuan.
Brigida Ibarbia oikiarrak gogoan du Aierbe abizena zuen bat ibiltzen zela inguru hauetan, oihalak eta antzekoak saltzen zituela: azpiko arropak, alkandorak, galtzak... Hondarribiko andre bat ere iristen omen zen Oikiara, karro batekin, eta hark bestelako jeneroa eskaintzen zuela, arropa zuria: azpizareak...
Lanbide horri buruzko azalpenak xehe-xehe eman zituzten Carmelo Urdangarinek eta Jose Maria Izagak, Antzinako lanbideak bilduman.