Zumaiako hitz bereziak: REKLAMO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko aza. 10a, 06:40

Talaimendin kardantxuloak harrapatzeko ohitura handia zegoen garai batean.  (Argazkia: fac.es)

Gaztetan lehen asko egiten zen jarduera bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Kaioletan txori batzuk mendira eraman eta haien kantuekin beste batzuk erakartzeari deitzen diogu Zumaian eta inguruan “reklamoa” (ahoz “reklamua”) edo “erreklamoa”. Hiztegietan “apeu” agertzen da, eta gaztelaniaz “señuelo” ere bai. Kostaldeko herri askotan egon da txoritarako joera hori, eta ahotsak.eus-en lekukotza ugari daude: Donostian, Pasaian, Hondarribian, Ondarroan…. Gaur egun erabat debekatuta dago horrela aritzea.

Jexux Eizagirrek ahotsak.eus webgunean azalpenak eman zituen hemen gaztetan nola egiten zuten: zuhaixka bat moztu (artea izan ohi zen), adar puntan “brankilloa” edo ziri bat ipini, likaz igurtzi, kaiolak arbola azpian jarri… eta han egoten ziren mantapean itxoiten, kaiolako txoriak beste txoriren bat erakarri eta likan itsatsita geratu arte.

Aitor Leiza txorizaleari elkarrizketa egin zioten Baleike aldizkariaren 92. zenbakian, 2001eko apirilean, eta hauxe kontatu zuen:

  • Irteten dudan bakoitzean eramaten dut kamera, baina naturaz gozatzea garrantzitsuagoa da niretzat argazkia ateratzea baino. Parean tokatuaz gero bakarrik ateratzen ditut argazkiak eta gordelekuan tapatuta itxaroten orduak pasatzea, apeua (erreklamo) erabiltzea eta horrelakoak burugogorkeria puntualetan bakarrik egin izan ditut.

Zarauzko lekuko batek, berriz, kardantxuloak eta txokak harrapatzen zituztela kontatu zuen ahotsak-eus-eko bide honetan:

  • Iñurritzatik kosta nola juten zea, horko emisaioko horko bideko hortatik juten bazea, uaindik kardintxuluak sentitzen dituzu hor udaberriyan, bertakuak. Txokak 'e bai bertan. Eta hor leheno izaten zan pepita hola, haziya bezela puntan zeakin, este, loria bezelako zea batekin, hua jatea. Pilla eoten zan. Bertan jarri puntan zea pixka-pixkat, txoka jarri reklamua, ta, ttak, bertan, bai. Osea, hau bertakua da, kardintxulua 're bai. Ta kardintxulua uaiñ 'e bai, gutxi aitzen dezu oso. Baiño kardintxulua bai.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide