Zumaiako hitz bereziak: XIRRIKITU

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko abe. 15a, 10:00

Eskertzen da xirrikitutik sartzen den argia. (Argazkia: Orreaga Aranburu)

Joan den asteko xirrinda haren antzekoa da gaurko hitza, baita esanahiaren aldetik ere. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Irekidura luze eta estu batzuei esaten diegu “xirrikitu” edo “zirrikitu” Zumaian eta inguruan. Ia itxita dagoen ateak uzten duen tarteari hala esaten diogu, esaterako. Abelin Linazisorok “xirrikitu” jaso zuen zerrendan eta Maria Antonia Goikoetxeak ere hala esaten du; Brigida Ibarbiak eta Arantxa Aizpuruak, berriz, “zirrikitu” erabiltzen dute.  Antzeko beste hitz batzuk ere badaude: zirriztu, zirritu, zirriku, zirrikistu, intzirritu, txirrikito... Oso antzeko da zirrimizta ere, borda eta antzeko etxetxoetan egoten diren leiho txikiei deitzeko erabiltzen dena.

Zestoarren erretolika liburuan ere jasota dago gaurko hitz hau, eta adibide hauek ematen ditu:

  • Atian zirrikitutik sartze zan euzkiya.
  • Tajuz egurrakin indakuak, neguko haize hotzak xirrikitutik bilatzen ez duala barrukuak dardaraz jartzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide