Zumaiako hitz bereziak: BASA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko ots. 2a, 07:45

Mendi lasterketa batzuetan ohikoa izaten da oinetakoaz basez zikintzea.

Maria Antoniak esandako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Lokatzari edo lohiari esaten diogu “basa” Zumaian eta inguruan. Beste herri batzuetan baxa, basea eta basia ere esaten da. Zestoarren erretolika liburuko adibidea da hau:  Botak basez josita ekarrittu. Padura edo lokatzez betetako gunea basaria edo “basadia” da Zumaian, eta horrek eman zien izena Urolaren ertzeko inguru batzuei (Basadiberri, Basadizar) eta Basadi auzuneari.

Abelin Linazisorok jaso zuen “basa” zerrenda batean, eta Abelinek berak Joxe Etxaberi egindako elkarrizketan ere ageri da, 2008ko abenduko Baleike aldizkarian, 172. zenbakian:

  • Eta kuadrillan ibiltzen giñanian, Zumaiara eta, hemen bertako mutilakin, Xaleginekua, Torrekua… Eta neska laguntzak Arruatikan txarrak, txarrak izaten hittuan; mendian basa, putzua, ura…

Baleike aldizkarikoa da beste adibide hau ere, 2018ko maiatzekoa, 275.zenbakian Gorka Zabaletak ikerketa bati lotuta Alejandro Zearreta elkarrizketatu zuenekoa:

  • Milaka urteko historia dago gordeta errioko basatan.

(Argazkia: pxhere.com).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide