Zumaiako hitz bereziak: ZOPIZARTU

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko api. 26a, 08:00

Gimnasia ederra izan daiteke lursail bat zopizartzea. (Argazkia: Bergarako euskara)

Apirilari “jorraila” ere esaten zaio, eta baratzeko lanekin lotutako aditz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Aitzurrarekin lurrazaleko belarrak kentzeari esaten diogu “zopizartzea” (ahoz “zopizartzia”) edo “zopizarrean egitea” Zumaian eta inguruan. Zopizarra belarra da, soropila. Zestoan ere “zopizartu” esaten da, eta Gipuzkoan erabiltzen da gehienbat. Bergaran “azalatxurtu” ere esaten dute, eta Jakoba Errekondok bere hiztegian sinonimo hauek bilduak ditu: izakitu, axarkatu, karrakatu, azalaitzurtu, xarrakatu, azalatu, azartu, aitzursaratu, saratu, txaplatu, atxartu, axardatu, xerdatu, sarakatu, eratzi, eraztu eta xapixartu.

Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digu ez zirela soro osoak zopizartzen, sail bat egiten zela, gero zerbait landatzeko edo. Belarra handi samarra zenean, bestelako tresna batzuk erabiltzen omen zituzten kentzeko, area eta gramana, esaterako.

Txiliku idazle zarauztarrak bere hiztegian dio ilunabarreko zopizarrak ezkutuko pikardiak direla; gauez edo ezkutuan egiten diren kontuak edo gauzak, eta horien artean, bereziki, ezkutuko sexu-harremanak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide