Zumaiako hitz bereziak: ARRANPLA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko eka. 14a, 06:53

Batzuek jada hasi dute Arranplako bainuen denboraldia (argazkia: zumaia.eus).

Udaren atarian, uraren lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Bereziki uretara sartzen laguntzeko aldapari esaten diogu “arranpla” Zumaian eta inguruko herri batzuetan. Hiztegietan “arrapala” lehenesten dute oro har maldatxo horiei esateko, eta gaztelaniaz “rampa” erabiltzen dute. Ondarroan “arlanpa/arlanpi” esaten dute (Zumaian batzuek ere “arlanpa”) eta Mutrikun “arranpla/arranplie”. Ikusi dugu Getarian, Zarautzen, Orion eta Donostian ere oso zabalduta dagoela“arranpla” esatea.

Zumaiako adibideei dagokienez, adinekoei egindako elkarrizketa askotan aipatzen da Arbustaingo arranpla, askok han ikasi zutelako “iregian”, eta bainatu ere hondartzan baino gehiago hantxe egiten zirelako. Hemen bi adibide: Mari Pilar Manterola eta Joseba Garate.

Ontzi txikietan mantentze lanak egiteko ere asko erabili izan dute arranpla Zumaian, eta itsas kiroldegia egin aurretik arrauneko ontzi guztiak bertan uretaratzen ziren. Azken urteotan, berriz, igeriketa probak bukatu izan dira hor, esaterako ITZURUN-ARRANPLA zeharkaldia; abuztuaren 3an jokatuko da aurtengoa.

Ezaguna da Donostiako arranpla ere, batez ere Kontxako estropadarako traineruak handik uretaratzen direlako, eta zaleak han inguruan egoten direlako herrikoak noiz lehorreratuko zain. Azken urteotan, ordea, hesiak jartzen dituzte eta udan bainatzea ere debekatu izan dute. Jendearen haserrea eragin du horrek eta protestak egin dituzte.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide