Zumaiako hitz bereziak: KOLARRE

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko ira. 13a, 08:30

Eskola zaharreko kolarrea asko erabili izan dute Oikiako neska-mutilek. (Oikiako Eskola)

Ikasturtea hasi berria dugun honetan, Oikiako eskola txikiarekin lotutako hitz bat ekarri dugu oraingoan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Eskolako atari edo aterpe irekiari esaten diogu “kolarrea” (ahoz “kolarria”) Oikia aldean. Labayru Hiztegian jasota dago “kolar”, eta bi adiera ematen dizkiote: ataria izan daiteke (gaztelaniaz “portal”) eta ganadua gordetzeko tokia ere bai (gaztelaniaz “corral”). Orotariko Euskal Hiztegian antzeko forma batzuk ere badaude (korle, korraile..), eta adibide gehienak Nafarroa Beherekoak eta Lapurdikoak dira.

Sanbartolomeetan euria ere egin du aurten eta frontoian topatu zuten aterpea. Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digunez, garai batean jaietan eguraldi txarra egiten zuenean, soinu-jotzailea eskolako kolarrean jarri ohi zen, eskuin aldean, eta aurrean aritzen zen jendea dantzan. Izenak izan duen erabileraren seinale, Oikiako guraso elkarteak KOLARRE izena du (1987an eratu zen ofizialki), eta Feli Uriak kontatu digu eskolako aldizkaritxo batek ere izen hori zuela. Itziar Garciarena zuzendariak esan digu ikastetxe berriko gela batek ere KOLARRE izena duela, LH 4-5-6 mailakoak, eta eskola zaharrean zebiltzanean ekintza asko egiten zituztela kolarrean: bertsolaritzako saioak, gaztaina jana, danborrada, antzerkiak, Haur Hezkuntzako jolas orduak euria egiten zuenean...

Bizkai aldean ere erabiltzen da “kolar”, Bermeon, adibidez, eta Busturialdeko adibide bat ekarri dugu, Jose Manuel Etxeita idazlearen Josetxo liburukoa:

  • Len legez sarri batuten zirean bata besteagaz, da eguraldi euritsuetan, jolastuten eben Bladiren etxeko kolar edo atarian.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ikus daiteke Bizkaian (Arratia aldean), Nafarroan eta Iparraldeko toki askotan ardiak edo etxeko abereak gordetzeko tokiei deitzen zaiela “korrale”, “kolarre” edo “korle” (ohikoa da hitz barruko zatitxoak mugitzea, metatesia esaten zaio horri). Altsasuko euskara liburuan ere “artegia, mendian ganadua biltzeko tokia” definizioa ematen diote. Toponimian ere adibide gehienak Nafarroa aldekoak dira: Kolarre (Dorrao), Kolarreta (Txulapain), Korrale (Goizueta), Korraleta (Zeanuri), Kolarrezar (Artikutza), Korralegia (Oiartzun), Korraleta (Larraiotz), Korralexarre (Gendulain) eta Beorkorrale (Kintoa).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide