Giro makurra eta umore ona, Oikiako festetan

Ihintza Elustondo 2024ko abu. 24a, 19:16

Atzo motorrak ondo berotuta, festetako bigarren eguna izan dute gaur Oikian, eta arratsaldetik aurrera eguraldiak asko lagundu ez badu ere, umore ona nagusitu da auzoan. Goizean hasita, baserriz baserri ibili dira auzoko gazteak, eta arratsaldean, sagardo dastaketa izan da.

Zumaiako Oikia auzoan, atzo, ostiralez, murgildu ziren San Bartolome jaietan. 12:00etan bota zuten festei hasiera emateko txupinazoa, eta egunean zehar, tortilla lehiaketa, artisau azoka, asto probak eta herri afaria izan zituzten, besteak beste. Atzo motorrak ondo berotuta, festetako bigarren eguna izan dute gaur, eta arratsaldetik aurrera eguraldiak asko lagundu ez badu ere, umore ona nagusitu da auzoan. 

San Bartolome eguna da gaur, eta ohiturari jarraituz, baserriz baserri eta etxez etxe ibili dira Oikiako gazteak. Goizean goiz, 07:00etan, elkartu dira, eta arratsaldera bitartean, 53 baserri zeharkatu dituzte guztira. Normalean herriko gazte bat baino gehiago aritu ohi dira dantzan, eta aurtengoan lehen aldiz herriko gazte bat bakarrik aritu da lehen lerroan: Oier Larrañaga. Gainontzeko gazteek zahagiekin lagundu dute dantzaria. Beheko bideoan ikus daiteke Larrañaga dantzan, herriko gazteek lagunduta.

11:00etan, meza izan da, eta, ondoren, bertso poteoa Andoni Egañarekin eta Oihana Iguaranekin. Arratsaldean jarraitu du festak; hain zuzen ere, bertako baserrietako sagardoen dastaketa izan da. Berez, kanpoan egin ohi dute dastaketa, baina eguraldi txarra tarteko, frontoira lekualdatu dute ekintza. Joselontxo's txarangak girotu du dastaketa, eta giro ederra sortu da auzoan.

22:30ean hasita, erromeria izango da Ostolaza eta Larrañaga trikitilariekin, eta ondoren, Patx DJa ariko da goizaldera arte.

Asteazkenera arte jarraituko dute festetan murgilduta Oikian. Hona hemen datozen egunetako egitaraua:

Bihar, igandea
  • Goizean zehar, 'Gure boza'.
  • 12:00. Herriko edadetuei omenaldia.
  • Jarraian, pilota partida: Egiguren-Albeniz vs Aranbarri-Altuna.
  • 14:00. Herriko jubilatuen bazkaria Muniosoron.
  • 17:30. Herri kirol jaialdia: aizkoran, Mujika, Corchero, Mugertza, Ezpeleta; harri jasotzen: Udane Ostolaza.
  • Ondoren, idi probak: Bixkiak/Igeldo.
  • 22:30. Erromeria Astiasaran II.a eta Andonegi trikitilarien eskutik.
Abuztuak 26, astelehena: Umeen Eguna
  • 10:00. Aurpegi pintaketa eta tatuajeak.
  • Jarraian, ume jolasak.
  • 13:00. XVI. Karrikotxe jaitsiera.
  • 16:00. Atracciones Sanzen eskutik, puzgarriak.
  • 21:00. disko-festa eta II. Zokormazo afaria.
Abuztuak 28, asteazkena: San Agustin eguna
  • 11:00. Meza.
  • Jarraian, herritarren arteko herri kirolak.
  • 14:30. Paella jana.
  • Bazkalondoren, bingoa.
  • Arratsaldean, Auxtin potin.
  • 23:00. Erromera Izer eta Alabierrekin.
  • Gauerdian. Txin-txin herrikoia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide