Hondartzetara iristen ziren pinporta beltzei esaten diegu Zumaian eta inguruan “galipota”. Txiliku idazle zarauztarrak Antigoaleko Hiztegian dioen bezala, bikearen antzeko gai ilun (ia beltz) eta likatsu bat da, petrolio, egurra edo harrikatza destilatuz lortzen zena eta hainbat erabilera zituena, kutxa eta ontziak inpermeabilizatzea horien artean; kaleak asfaltatzeko erabiltzen da, baita ere, harriekin nahasita. Gaztelaniaz galipote esaten zaio, eta sinonimoak dira brea, alquitrán, asfalto eta chapapote.
Bideak eta kaleak konpontzeko (asfaltatzeko) adiera horrekin topatu dugu adibide bat baino gehiago, esaterako 1999ko urriko hau, Baleike aldizkariaren 61. zenbakian:
- Urteetan zehar udaletxeak ez du inbertsiorik egin Narrondon. "Ura ekarri, galipota bota eta basura jarri, hoiek Kastorrek egin zituen. Ordutik, azken hamar urtean, ezerre. Letrero bat jarri, eta aurten festetarako lau balde bota galipotanak" kejatzen da Patxi.
Ondoren, Prestige itsasontziaren istripuak eragin zuen hitz hau nahi baino gehiago erabiltzea, “txapapotea” zer zen orduan ikasi genuen ondo. Hemen bi adibide, Baleike aldizkariko 112 eta 122. zenbakietakoak:
- Uda etorri zain egon balitz bezala, galipota hondartzetako denboraldiaren hasierarekin batera ekarri du itsasoak. Neguan ekarritakoa gehiago izan arren, larritzeko moduko kopurua iritsi da Itzurun hondartzara.
- Urtarrilaren 10ean Euskal Herriko hondartza gehienetara iritsi zen galipota, eta zoritxarrez Zumaiara ere bai. (…) Data horretatik aurrera, gure kostaldean nahi baino gehiagotan ikusi behar izan dugu galipota.
Prestigerena gertatu aurretik ere oso ohikoa zen hondartzetan hankazpiak zikintzea, eta agoarras eta antzekoak erabili behar izaten ziren garbitzeko. Hauxe idatzi zuen Arritxu Iribarrek 2003ko irailean, Baleike aldizkariaren 114. zenbakian:
- Ezin kexatu aurtengo udaraz. Eguraldia primerakoa (beroegi aukeran), gure hondartzak zoragarri (galipot gehiegi aukeran).