“Egun hartan Txapartegin nengoen gosaltzen. Oporretan harrapatu ninduen. 8:30ak SOS Deiaken telefono deia: ‘Jose Mari, iritsi da’. Urtarrilaren 10a zen, ostirala, oso oker ez banago. Zuzenean Itzuruna igo nintzen. Fuel zati txikiak ziren, hondartzan sakabanatuta zeuden pinporta txikiak. Eremuak markatu behar izan genituen non zeuden jakiteko. Hain ziren txikiak! Lagun Artea‑ra joan eta ‘pintxo’ batzuk egin genituen, kirtendunak, haiek biltzeko. Sanemar-ek sei bat langile zituen biltzen hasteko eta azpiegitura guztia ere abendutik zegoen prest. Hala hasi ginen. Etorritakoa ikusita, pentsatu genuen erraz kontrolatuko genuela. Baina handik egun gutxira fuel pusketa handiak etortzen hasi ziren eta ikusi genuen horrela ezin zela”.
Bost urte joan diren arren, oroitzapenak fresko ditu oraindik Jose Mari Elustondok. 23 urte daramatza udaltzain eta egun beltz haietakoa izan du orain arteko erronkarik handiena, “batez ere denboran asko luzatu zelako”. Bulegoko mahaiaren azpian bost karpeta lodi ditu, “Prestige” izenburuarekin denak. Barruan, egun haietan eta ondoren ere bildutako txosten, zerrenda, eta beste hamaika dokumentu. Argazkiak ere bai. Garai batean guztia zakarretara botatzeko tentazioa izan omen zuen, baina hor ditu oraindik, mahai azpian. Detailez eta datuz jositako altxor bat, egun haietan gertatutakoa gogoratu nahi duenarentzat.
“Prestige hondoratu eta astebetera edo bi astera plangintza bat egin genuen Rikardok eta biok –Rikardo Peña zen orduan alkate–. Orduan egin genuen planteamenduak gero ez zuen zerikusirik errealitatearekin, baina horrek adierazten du ez genekiela zer zetorren. Plana egin eta larrialdietara bidali genuen, materiala bildu eta sailkatu genuen, eta hondartzak garbitu egin ziren, ahalik eta hondakin gutxien egon zedin fuela iristean”. Galiziako adibideari jarraituz, Udalak boluntarioak eskatu zituen. Orduko txostenak dioenez, abenduaren 11rako 182 lagunek emana zuten izena, horietako asko Zumaiatik kanpokoak, bilbotarrak eta gasteiztarrak tartean. “Abendurako dena prest genuen. Fuela ez zetorren eta aste batzuetan bazirudien ez zela azkenean iritsiko. Nik oporrak hartu nituen, gero lan handia izango genuela kalkulatuta”. Eta horrela, kafe beltza zurrupatzen, harrapatu zuen albisteak.
Fuel oldeari ezin aurre egin eta laguntza eskatu zuten. “Metro bateko diametroa zuten orban batzuk, eta sekulako pisua. Tragsa-ren laguntza eskatu genuen, Algorri aldean-eta ikaragarri ari zelako sartzen. Goiz batean, Intxaurraga sailburua etorri zen Itzurungo hondartzara, eta egun berean Tragsa-ko 20 lagun agertu ziren, denak buzo zuriekin. Armada zirudien. Ordutik aurrera, oso serio hasi ziren garbiketa lanak. Tragsa-tik egunero 15-20 lagun etortzen ziren. Aldundiak ere basozainak bidaltzen zituen asteburuan. Igande batzuetan 45 lagun biltzen ginen lanerako, eta ezin iritsi…” .
Boluntarioen egonezina
Inpernupe aldean hasi eta Andikaerrekaraino iristen ziren brigadak. Handik aurrera, ez zuen inork garbitzen. Jaurlaritzak langile profesionalekin bakarrik nahi zuen fuela bildu, eta horrek egonezina sortu zuen lagundu nahi zuen jendearen artean. Egunak aurrera zihoazen eta Elorriaga eta Sakoneta aldean fuela pilatzen ari zen. Ika-mikaren erdian ikusi zuen bere burua Elustondok, baina azkenean elkar ulertu zuten. “Udalaren deiari erantzunez 182 lagunek eman zuten izena, baina azkenean ezin izan genituen lanean jarri. Galizian ibilitako boluntarioen artean hainbat osasun arazo egon zirela ikusita, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen hemen boluntariorik ez erabiltzea fuela jasotzeko. Baina jendeak lagundu nahi zuen, fuela jaso nahi zuen eta hori txalotzekoa da. Azken finean, garrantzitsuena zen fuela lehenbailehen biltzea. Natur Taldeak eta beste batzuek egin zituzten irteerak fuela biltzeko Elorriaga eta Sakoneta aldean. Guk ez genuen eragozpenik jarri, ondo ikusten genuelako, baina eskatu genien behintzat ez sartzeko gu lanean ari ginen eremuan”.
Gogoan du haitzetatik aterarazi behar izan zuten gazte koadrila hura. Borondate onenarekin galipota biltzera joanak ziren, artean adingabeak zirela. “Haiei ezin genien utzi, baina behintzat laguntzeko borondatea erakutsi zuten”. Eta gogoan du Basilio Alonso zena. “70 urte inguru zituen. Etorri zitzaidan esanez bihotzeko arazoak zituela, baina lagundu nahi zuela nola edo hala. Lasai egoteko esan nion, fuela biltzen ez baino jatekoa edo edateko banatzen lagun zezakeela, edo beste lanen bat emango zitzaiola. Konforme gelditu zen. Hark ere zerbait egiteko premia sentitu zuen”.
Lana beltz
Itsasaldiak baldintzatuta, baina egunero egin zen lan. “Lehenengo gauza, San Telmo ingurura igo eta handik behaketa egiten genuen. Gero, Algorrira, Andikaerrekara… Eta ikusitakoaren arabera, lana banatzen zen. Hala ere, iristen zen arte ez zen fuela ikusten. Olatuek harrotutako hondarra fuel orbanak zirela pentsatu genuen hasieran. Gero konturatu ginen ez zela ikusten kostara iritsi arte”.
Teknologiaren laguntza izan zuten orban handienei aurre hartzeko. “Orban handienen segimendua satelitetik egiten zen. Ertzaintzaren helikopteroak orbanak topatu eta baliza bat jaurtitzen zitzaien. Gero baliza horren segimendua Azti-k egiten zuen eta egunero orbanen kokapenaren berri ematen zuten, eguraldi eta haizearen norabidearekin batera. Informazio horrekin aurreikus genezakeen zer etor zitekeen. Gainera, bi arrantza ontzi handik ere egunero egiten zuten Pasaia eta Ondarroa arteko bidea, itsasoa behatzeko. Oso garrantzitsua zen orban handiak momentuan jasotzea, hurrengo egunerako milaka zati txikitan desegiten baitziren”.
Negua oso luze joan zen 2003an. Eguna joan eta eguna etorri, goizero bere ordain beltza uzten zuen itsasoak ertzean. “Oso gogorra da haitzetan fuela biltzea, euripean, hotzez akabatzen, itsasoaren menpe. Arropa guztiak zikin-zikin eginda… Eguna joan eta eguna etorri, fuela bildu eta bildu. Gero, konbibentzia arazoak ere sortzen dira horrelakoetan. 50 lagun eta bakoitza leku batekoa: pakistandarrak, moldaviarrak, errumaniarrak, marokoarrak, aljeriarrak eta hemen bertakoak ere bai”.
Tragsa enpresarekin lanean jardun zuten atzerritarren oroitzapen ona gordetzen du Elustondok. “Burgostik etortzen ziren egunero. Goizeko hiruretan jaikitzen ziren hemen sei eta erdietarako egoteko. Egunero-egunero. Arratsaldeko 3ak arte egoten ziren”. Lan gogorrena pakistandarrei egokitu omen zitzaien, Andikaerrekako partean. “Ikusgarria zen nola egiten zuten lan. 50 kiloko zakuak ateratzen zituzten bizkarrean, txintik esan gabe. Oso langile finak ziren, sekulako lana egin zuten. Gogoan daukat etorri ziren lehen eguna. Haiengana gerturatu nintzen neure burua aurkeztera. Ur botila batzuk eraman nizkien eta tabako pakete batzuk, hartu-emana errazteko. Ura eskaini nien, ur asko edan behar zutelako, baina erantzunik ez. “Yo Josemari” aurkeztu nintzen orduan, pelikuletako indioak bezala. “Hola, yo soy Omar”, erantzun zidan batek. Tonto aurpegia gelditu zitzaidan. Omar hura gero eraikuntzan ibili da lanean Zumaian. Oso mutil fina, langilea. Handik aurrera oso ondo konpondu ginen. Hori bai, erne egon behar zen, haiek ez zutelako itsasoa ezagutzen eta behin baino gehiagotan ia harrapatu zituen itsasgorak. Itsasoa igotzen zenean, hondartzara etortzeko eskatzen genien, eta arazorik gabe”.
Behin zakuak bilduta, materiala sailkatu behar zen. “Fuel garbia alde batetik, hondakinekin nahastutakoa bestetik, zikindutako arropak eta materialak bestetik… Hori guztia leku berezietara eramaten zen, ahal zena berreskuratu eta bestea zabortegi berezietan jasotzeko”.
Udan, bandera beltza
Eta uda iritsi zen. Neguan eta udaberrian hondartzak itxita egon ziren arren, fuela toxikoa delako, udan zabaldu egin ziren. Ekologistek bandera beltza jarri zuten Itzurunen, baina jendeak hondartza gosea zuen. “ Hondartzak zabaldu zirenez, plangintza berezia egin behar izan zen fuela sartu ahala jasotzeko. Goizez eta arratsaldez garbitzen ziren hondartzak. Gainera, dutxa bereziak jarri ziren, oinak garbitzeko askak ere bai, fuela kentzeko xaboi berezia, papera… Uda osoan ez zen egun bakar batean ere itxi hondartza. Egun batean, ixtekotan egon ginen, baina eguraldi txarra egokitu zen eta ez zen premiarik egon”. Oinak, bainu jantzia edo toalla galipotez zikindu gabe libratu zenik ez zen izan uda hartan Itzurunen.
Uda ondoren asko jaitsi zen fuel kopurua. Tragsa-ko langileek alde egin zuten. “Zientzialariek esaten zuten itsasoak berak garbituko zuela pixkanaka. Egia da denborarekin hala gertatu dela. Inpernupen, esate baterako, asko garbitu du. Itzurunen oraindik badago, baina 100-200 kilo egon daitezke gehienez, eta 55.000 jaso ziren. Hala ere, jarraitu genuen tarteka behaketak egiten, eta zetorrena jasotzen”.
Bost urte pasa dira, eta Itzurun aukeratu du argazkia egiteko. Eskuineko haitz brankara joan da zuzenean. “Hemen ikusten den galipot hau ez da Prestige-rena, zaharragoa da, baina aldameneko beste hau bai. Erraz bereizten dira, Prestige-rena errazago askatzen delako. Kalitate eskaseneko fuela zen”.
Hondamendiaren datuak
Kronologia laburtua:
2002-11-13: Prestigepetroliontziak istripua izan zuen Galizian, Finisterretik mendebalderantz, 28 miliara. 80.000 tona fuel zeramatzan. Fuela isurtzen hasi zen.
2002-11:16: lehen fuel orbanak iritsi ziren Costa da Mortera.
2002-13-19: petroliontzia itsaso zabalera eraman ondoren, bitan zatitu eta hondoratu egin zen. Fuela itsas hondoan solido bihurtuko zela iragarri zuten aditu batzuek.
2003-01-10: Galiziako, Asturiasko eta Kantabriako kostaldea belztu ondoren, azkenean Zumaiaraino iritsi zen fuela. Sei hilabete inguru iraun zuten garbiketa lanek.
Prestige-ren datu orokorrak:
80.000 tona fuel zeramatzan.
65.000 inguru isuri ziren. Gaur egun, oraindik fuela isurtzen du.
165.000 tona inguru bildu ziren (urarekin pisu handiago hartzen du fuelak, eta zikindutako hondakinak ere kontuan hartu dira).
10.000 tona inguru gelditzen dira itsasoan.
Zumaian bildutakoa:
Guztira: 104 tona inguru.
Algorri: 6 tona
Itzurun: 55 tona
Itzuruntxiki: 17 tona
Inpernupe: 3 tona
Santiago: 100 kilo
Itsasoan: 3 tona
(Udaltzaingoaren datuak)
Sakoneta: 10 tona
Elorriaga: 10 tona
(Natur Taldearen datuak)
Fuelak kaltetutako hegaztiak:
Hilda: 190
Bizirik: 30