Bere orientazioa dela eta, Zumaia eta Deba arteko kosta zatia nahikoa babesean egon arren, fuel kopuru handiak iritsi ziren. Zergatik?
Getxo, Plentzia eta Matxitxakoko zati hori eta Jaizkibel ingurukoa ipar-mendebaldera begira daudenez, fuel kopuru handienak inguru haietara iritsi ziren. Deba eta Zumaia arteko kosta zatia, berriz, babestuago dago norabideari dagokionez, baina egia da deigarria dela tarte horretara iritsitako kopurua. Deba eta Urola ibaiaren parean dagoen zapalda kontinentalak beste sektore batzuk baino hidrokarburo kontzentrazio maila altuagoa zuten. Haizeak eragindako korronteen ondorioz izan daiteke. Gainera, 2003ko otsailean euri jasa handiak izan ziren eta ibaiek itsasora eramandako material asko fuelarekin zikinduta iritsi zen kostara edo hondoratu egin zen. Hidrokarburoei dagokienez, muskuiluetan 2003ko negutik egindako ikerketek kopuru handiagoak ematen dituzte Deban Zumaian baino.
Zein da marearteko zabalgunearen egoera gaur egun? Esan al daiteke bere onera itzuli dela?
Itziar eta Getaria artean haitzetako hainbat espezierekin egiten ari diren ikerketek gorabehera handiko emaitzak eman dituzte, kopuruari eta estaldurari dagokienez. Baina ohiko mailan daudela esan daiteke eta, beraz, ez dutela adierazten Prestige-ren eragin kaltegarri erantsirik. Ikerketa hauek ez dira egin fuelaren eragina nabarmena izan zen puntuetan, hau da, orbanak zuzenean iritsi ziren puntuetan edo garbiketa lanak egin ziren gune konkretuetan, hor begi bistakoa baita kaltea; eragina hain nabarmen ikusten ez den lekuetan hartu dira laginak, hain zuzen ere, hain begi bistakoa ez dena neurtzeko. Eta, oro har, esan genezake errekuperazio maila oso altua izan dela.
Prestige-ren aurretik zegoen kutsadura mailaren gainetik al gaude oraindik?
Euskal kostaldean hidrokarburoen kutsaduraren mailak gora egin zuen Prestige-ren fuela iritsi zenean, eta oraindik zenbait kasutan igoera horrek irauten du, baina hidrokarburoak oso sakabanaturik daude eta, oro har, buelta ematen ari da egoera.
Fuelaren eragina bereziki pairatu duen espezierik topatu al duzue ikerketan?
Guk egindako ikerketak, espezie jakinetara baino, komunitateetara egon da zuzenduta, eta horregatik zaila da espezie jakin bat aipatzea. Baina petrolio isurketa guztietan gertatzen den bezala, marearteko guneetan bizi diren espezieak eta komunitateak dira kaltetuenak.
Zeluletako edota ugaltzeko arazorik aurkitu al da?
Zenbait muskuilutan estres egoera adierazten dute emaitzek, eta horrek eragina izan du zenbait organorengan, sexu organoak barne –folikulu gutxi edo txikiegiak–. Horrek adierazten du fuelarekin kontaktuak eta zenbait substantzia pilatzeak ondorio larriak dituela. 2004tik hona behera egin du kaltetutako muskuiluen kopuruak eta larritasunaren mailak.
Arrantzarengan nolako eragina izan du?
Arrainengan baino, esan genezake eragin handiagoa izan zuela arrantzaleengan eta produkzio katean. Legatza eta antxoa ikertu dira eta ezin izan da ondorioztatu Prestige-k eragin zuzena izan duenik haien populazio kopuruan, ezta adierazle biologikoetan ere.
Euskal kostaldeak berreskuratuko al du Prestige-ren aurreko egoera?
Bai, eta neurri handian berreskuratu du. Hasieran maila altua ematen zuten hainbat adierazlek gaur egun normaltzat har ditzakegun neurrira jaitsi dira, Prestige-ren arrastoa betirako hor geldituko den arren.