Iñigo Odriozola / naturzalea
Guk garbi genuen lehenago edo geroago iritsiko zela. Denbora kontua zen. Larunbat arratsaldeetan biltzen ginen, taldeak egin eta kostaldea behatzeko. Batzuk Itxaspera, beste batzuk Sakonetara… Eta oso ondo gogoratzen dut Zumaiara lehen aldiz iritsi zen eguna. Lanean nengoen eta amak deitu zidan. Une batez lanetik irten, bizikleta hartu eta Itzuruna igo nintzen. Galleten tamainako zatiak iritsi ziren. Ordurako jende gehiago zegoen han bilduta, Jose Mari Elustondo ere han zen, ertzainak… Hondartza asko maite dugunontzat kolpe handia izan zen.
"Ahal izan genuena egin genuen, sinbolikoa izan zen beste ezer baino gehiago, baina barruak eskatzen zigun"
Behin hori pasata, hurrengo egunetan antolatu egin ginen. Zalantzak ere izan genituen, biltzera joan edo itxaron, protokolo bat bete behar zelako. Baina ikusten genuen galipotak han segitzen zuela eta hura bildu egin behar zela. Deialdia egin genuen bizpahiru asteburutan Sakonetara eta Elorriagara joateko. Gasteiztik, Azpeititik, Zestoatik ere etorri zen jendea. Ahal izan genuena egin genuen, sinbolikoa izan zen beste ezer baino gehiago, baina barruak eskatzen zigun. Hala ere, kilo asko bildu genituen, poltsak eta poltsak. Saiatu ginen ahalik eta txukunen egiten, bide batzuk markatuz ahalik eta gutxien zikintzeko. Gogoan daukat irteera horietako baterako bilduta geundela Amaiako plazan, eta han agertu zela Azpeitiko gizon bat, bere baldearekin. Hark ez zekien ezer. Itzuruna omen zetorren, bera bakarrik, ahal zuena biltzera. Ikusi gintuenean, hurbildu eta gurekin etorri zen Sakonetara.
Udan bandera beltza jarri genuen Itzurunen, eta labarrean ere pankarta handi bat zintzilikatu genuen. Hondartzazaleen artean esku orri batzuk banatu genituen, inkesta moduko batekin, eta akordatzen naiz ika-mika bat baino gehiago izan genuela.
Roberto Fuentes / surflaria
Lehen egun haietan gogoan daukat surf egitera sartu eta ur ertza dena txapapote zatiz josita zegoela. Olatua pasatzen zenean, dena orbanez beteta gelditzen zen. Taula, uretako trajea, ilea eta dena txapapotez zikinduta ateratzen ginen askotan uretatik. Batzuek ilea moztu behar izan zuten. Hazkura ere eragiten zien batzuei. Gogoan daukat egun batzuetan uretatik irten egin behar izan genuela, izugarria zelako. Eta hori guretzat oso gogorra da. Marmokek ere ez gaituzte uretatik aterarazten eta!
"Taula, uretako trajea, ilea eta dena txapapotez zikinduta ateratzen ginen askotan uretatik"
Itzurunen garbitu egiten zen, baina Sakoneta aldean ez. Horregatik antolatu genuen martxa bat, inguru hura ere garbitzeko. Gu asko ibiltzen gara inguru hartan eta haitz guztiak belztuta ikustea penagarria zen. Lehendik Galiziako irudiak ikusiak genituen telebistan, olatu beltz haiek. Negargura ematen zuten. Itzurun Galiziako hondartzak bezala ikusiko genuela pentsatzeak beldurra ematen zuen.
Udan partean olio pote bat zegoen hondartzan, etxera joan baino lehen jendeak oinak garbitzeko, erabat belztuta bukatzen zuten eta. Gure artean, txantxa moduan esaten genuen ea uda hartan zeinek zuen bainujantzi zuri bat erosteko barrabilik.
Jose Migel Irigoien / hondartzako garbitzailea garai hartan
Ni lehendik nenbilen hondartzak garbitzen. Txapapotea ailegatu zenean, hura garbitu behar zela eta horretan jardun genuen. Ardantzako Jabier eta biok guardian egoten ginen. Goizez lan egin eta gero arratsaldean hiruretatik zazpiak aldera arte, guardian. Zerbait etortzen bazen, hura jaso behar genuen, eskuarearekin edo pintxo batekin. Baina goiz batean hondartzara iritsi eta zer zen hura! Piloa ekarri zuen, kiloak eta kiloak. Ordutik aurrera jende gehiago ekarri behar izan zuten, guk bakarrik ezin genuen eta.
"San Telmo aldean sartu zen asko; labarrean dagoen lehen zuloan, izugarri"
San Telmo aldean sartu zen asko; labarrean dagoen lehen zuloan, izugarri. Oraindik orbanak daude paretetan, baina lehortuta. Traktoreak askotan ezin zenez sartu, eskuz eraman behar izaten genuen. Sekulako pisua. Gero, haitzetan zeuden pinporta txikiak ere garbitu behar ziren, espatularekin edo destornilladorearekin, ahal zen moduan. Itzurungo eskuinaldeko branka horiek garbitzea ere lan nekeza zen, zaila oso. Eta hurrengo egunean itzuli, eta berriro dena beltz. Gainera, neguko hotza, euria, itsaso txarra, denak pasa behar izan genituen. Txarra tokatu zitzaigun. Kiratsa ere sekulakoa botatzen zuen; nik ezin nuen jasan, maskararekin ibili arren.
San Telmo azpiko haitzetara ere piloa sartu zen. Txapapotez zikindutako soka handi bat ere kateatu zen haitzetan eta hura atera egin behar zela. Osorik atera ezin eta eskuko zerra batekin jardun genuen hura mozten. Zati handi bat kendu genion, baina pusketa bat han gelditu zen.
Mari Alberdi / naturzalea eta Algorriko gidaria
Zumaiara iritsi zenean Algorrira joan nintzen, eta han ikusi nuenak tristura handia eragin zidan. Bihotza txikitu egiten zaizu. Hurrengo egunetan ere joan nintzen, nola zegoen ikustera. Gogoan daukat hilda edo galipotarekin agertzen ziren hegaztiak zenbatzeko protokolo moduko bat zegoela. Nik lanperna musu bat topatu nuen. Horrelako bat bertatik bertara ikusten nuen lehenengo aldia zen, eta hilda ikusi behar izanak pena handia eman zidan. Inpotentzia handia sentitzen da, eta zerbait egiteko beharra.
"Gerora pentsatzen, konturatzen zara inolako babesik gabe jardun genuela fuela biltzen.Baina momentuan ez duzu horretan pentsatzen. Momentu haietan zerbait egin behar dela sentitzen duzu"
Sakoneta eta Elorriagara etxeko arropa zaharrekin joan ginen, eta maskarak ere pintoreek hautsarentzat erabiltzen dituzten horietakoak ziren. Gerora pentsatzen, konturatzen zara inolako babesik gabe jardun genuela fuela biltzen. Sukalderako eskularruak segituan zulatzen ziren, eta hala ere segi, eskuak txapapotez beteta. Baina momentuan ez duzu horretan pentsatzen. Momentu haietan zerbait egin behar dela sentitzen duzu.
Prestige-rena gertatu ondoren, gogoan daukat denbora luzean ez nintzela haitzera joan ez lapetara, ez maolioetara… Eta ni bezala jende asko. Eta oraindik, askotan ikusten duzu lapak pinporta beltzak dituela eta zalantza izaten duzu: txapapotea ote da?
Pedro Garcia, arrantzale amateurra
30 urte baino gehiago daramatzat itsasoan eta ordutik arrantzaren gainbehera etengabea izan da, baina azken bi urteotan hondoa jo du. Egia da uda hartan inoiz baino hegaluze gehiago arrantzatu genuela, baina geroztik hondoa jota dago. Ez dakit Prestige-ren ondorioa den edo ez, baina garbi dago azken bi urte hauetan ikaragarri galdu dela. Eta ez da harraitzekoa: askotan esaten dugu gure artean, arrainak geuk arrantzatzen ote ditugun edo beraiek egiten ote duten beren buruaz beste, itsas hondoa zabortegi bat delako. Baina ikusten ez denez… Guk azala baino ez dugu ikusten, eta hori, itxuraz, garbi egon ohi da.
Horregatik, arrantzara irten eta fuelarekin topatzea ikaragarria izan zen. Zumaiatik iparralderantz joan nintzen hiru milia inguru, eta han ikusi nuena beldurgarria zen: fuel ibai baten modukoa zen, amaierarik gabea, ur azalean; dena galipotezko tortilla modukoak, eta inguruan disolbatutako fuela.
"Zumaiatik iparralderantz joan nintzen hiru milia inguru, eta han ikusi nuena beldurgarria zen: fuel ibai baten modukoa zen, amaierarik gabea, ur azalean"
Lehorrera bueltatu bezain pronto, lagun artean hitz egin eta segituan erabaki genuen fuel hura biltzen lagundu behar genuela. Bidoiak, buzoak eta beste utzi zizkiguten eta han joan ginen Anjel Banderas, Jose Etxabe eta hirurok, bi ontzitan. Salabardoarekin jasotzen genuen galipota. Segituan bete genituen eramandako sei bidoiak –200 litrokoa bakoitza–. Gero arrantzale profesionalak hasi ziren lan horretan, eta orduan ez zuen zentzurik guk jarraitzeak.