Zumaiako hitz bereziak: SITSA-BOLA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko urr. 4a, 09:00

Kanfor edo naftalinazkoak izan ohi dira sitsaren aurkako bola gehienak. (Argazkia: Wikipedia)

Armairuko arropak berrantolatzeko garaia dugula ikusita, Peiok proposatutako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Sitsek jan ez ditzaten arropetan jartzen diren bolei esaten diegu Zumaian eta inguruan “sitsa-bolak”. Txiliku idazle zarauztarrak bere Antigoaleko Hiztegian kontatzen duenez, “Garai batean kanforra puztarri edo bola txikietan saltzen zenez, ohizkoa da bola horiei sits-bola edo sitsa-bola deitzea”. Sitsa den zer ere ederki azaltzen du Txilikuk: “Gaueko tximeleta txikia, zurixka edo arrea, beldar egoeran dagoenean, batez ere, oihala eta larrukiak jaten dituena; tximeleta horren beldarra (Tineola bisselliella)”.

Peio Jimenezek kontatu digu amari ikasitako hitza dela, Agirregoikoa baserrikoa zuela: Anttoni Olaizola.

Eibarren ere erabiltzen da, eta hemen adibide bat: Sits-bola barrixak ipiñi dittugu erroperuan, eta hau alkanfor usaiña!

Bergarako adibideak dira beste hauek: Traje poltsikoak sits-bolaz beteta dare. / Sisbola usaiña dago.

Arratia aldean ere ezaguna da: Gure etxeko armario guztietan ifinita daukaguz sits-bolak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide