Zumaiako hitz bereziak: BRANKILLO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko aza. 8a, 08:43

Zuhaixketan jartzen dira brankilloak, likaz igurtzitako adaxkak. (Argazkia: youtube.com)

Iaz azaldu genuen zer zen reklamoa, eta aste honetan horretarako erabiltzen zen erreminta baten izena ekarri dugu, Jexuxek esandakoa. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Txoriak harrapatzeko adar edo ziri luzexkari esaten diogu Zumaian eta inguruan “brankilloa” (ahoz “brankillua”). Katalanez branquilló esaten zaio zuhaitzaren azken adarrari, muturrekoari; handik hartutako hitza izango dugu.

Jexux Eizagirrek ahotsak.eus-eko bideo honetan kontatzen du “reklamoan” ibiltzen zirela txikitan. Arbola koxkor bat mozten zuten, Artadira bidean (artea izan ohi zen). Brankilloak ipintzen zituzten adarren punta banatan, likaz igurtzita. Kaiolak arbola azpian jarri, eta han egongo ziren itxoiten goizeko 6etatik eguerdira arte, manta zahar batean bilduta. Kaioletako txoriek deitu egiten zieten paseko txoriei, eta haiek etorri eta pausatu egiten ziren brankilloan.

Zarautzen teknika bera erabili izan da, eta hitza ere bai. Hara Txiliku idazleak Antigoaleko hiztegian nolako azalpenak eman zituen:

  • Adaxka horretan nabarmen agertu behar zuten txoria erraz kokatzeko adaxka luzea (25 bat cm), begi-bistakoa, zuzena, hosto eta gainekoz soildua eta biskaz basitua: hori zen brankilloa eta brankilloaren likan katigatuta geratuko ziren txoriak. Brankilloak milazka edo tamarixaren adaxkekin egiten ziren (Tamarix sp.) eta erreklamoaren ondoan zegoen zuhaixkari lotzeko intsusaz (Sambucus nigra) egindako takoa erabiltzen zen. Intsusak barneko muina kotoi antzekoa izaten du eta erraz egin dakioke zuloa erdian. Takoaren alde bat zuhaixkari sartu eta beste aldekoa brankilloari eta prestaturik geratzen zen txoriak harrapatzeko artea. Erreklamoz harrapatzen ziren etxeko kaioletan kantatzen zuten hainbat txoritxo: kardintxuloak, txontak, txirriskilak, txokak, berderoiak, tarinak…

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide