Zumaiako hitz bereziak: ALDEONTZI

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2025ko ots. 7a, 07:56

Galtza bakeroak aldeontzira garbitzea komeni da. (Argazkia: Freeman T. Porter)

Arroparekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan, Maria Antoniak esandakoa. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Arropen barruko aldeari edo alde txarrari  esaten diogu Zumaian “alde(r)ontzia”. Hitz ezagunena “alderantzi” da eta “alde erantzi”-tik dator. Maria Antonia Goikoetxeak kontatu digu “alde ona” izaten dutela arropek, eta bestea “aldeontzia” izaten dela: aldeontzira jantzita dakan jertse hoi! Brigida Ibarbia oikiarrak antzeko adibide bat eman digu: alderontziz gañea sartu galtzak labadoran.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasean esanahi bereko beste hitz batzuk ere jaso zituzten: i(n)frentzu, iruntzi(era), idulesta, binp(h)er, girbin, iraoltz(e), alde(rdi)txar, kontra(ko alde), barruko (alde), itzuli(ko alde), aldrebes(ko alde), etab.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide