Zeozer alde batetik bestera eramatea da Zumaian eta inguruan “karreatu” (ahoz “karriatu”). Aldaera ezagunena “garraiatu” da, beste batzuk ere jasota daude Orotariko Euskal Hiztegian: karraiatu, garreiatu, karreiatu, karraitu... Zarautz hizketan liburuan agertzen da, eta Zestoarren erretolikan “karriau” pertsonen garraioarekin lotuta ematen dute: Norbait ekarriarazi, beste norbait norberarekin eraman, garraiatu. Beak daka enpeñoik handiyena jendia, baserritarrak eliza karriatzeko.
Imanol Azkuek Baleike aldizkariko “Orduan bai” atalean idatzitako artikulu batekoa da adibide hau, Estanis Azkueren hitzak:
- Lanetik Zarauzko estaziora nindoala, etxerako bidean, emakume bat ikusi nuen zaku handi bat ezin karreatu; ondotik pasatzean, zakua eramaten laguntzeko eskatu zidan; hartu nuen, baina estazioan guardia zibilak geldiarazi gintuzten.
Arritokieta Manterolak ahotsak.eus egitasmoko bideo batean esandakoa da beste hau:
- Bodas de plata in giñuzenian lelengo, hamaika... karriatu gendun Foronda, zea, batzuek, mutillak Forondan ebakitzen arbustua ta gu karruakin karriatzen, ta geo girnaldakin-ta kale danak zeatu giñuzen.