Baserri inguruko lan bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).
Idien eta antzekoen aurrean ibiltzeari esaten diogu Zumaian eta inguruan “ittulan” egitea. Orotariko Euskal Hiztegian antzeko aldaera asko agertzen dira: itxulan, itzulan, itaulan, itaulen, itulean, itaulean… Txiliku idazle zarauztarrak jasoa du “itula” bere Antiagoaleko Hiztegian, eta Zestoarren erretolika liburuan ere agertzen da: Baserriko lana; soroan ganadua gidatzea. Umiak ibiltzen giñan askotan ittulan.
Jexux Iruretagoiena Baxakarte elkarrizketatu zuen Abelin Linazisorok “Gure zumai zarra” atalean, Baleike aldizkariaren 149. zenbakian, 2006ko azaroan. Adibide batzuk eman zizkigun:
- Behin bost bat urte ezkeo ittula jun behar izaten nian. Ittula deitzen zaiok ganauaren aurrian ibiltzeai. Ganaua ez dek ibiltzen souan hik nahi deken tokitikan. Ordun, mutil koxkorra baere jarri behar izaten dek animaliak bere lekutik juteko.
- Goizian goizo jaiki, goizak ez zian barkatzen, erdi lotan jaiki eta goiz osoa lanian, ittulan. Gero bahittuan erreminta batzuk gainian jarrita ibiltzekoak zianak eta haien gainian gustoa ibiltzen hintzan.
- Guk pelota pixkat ein behar izaten gendun etxea juteako, nahiz eta baserrian ni hara juteko presa izaten zuten, ittulako edo zeozer beti izate huan-eta.
Saskarate baserriko Angel Osak ere aipatu zituen Ahotsak.eus egitasmoan ittulan kontuak, eta Tere Eizagirrek beste bideo honetan kontatu zuen Aizarnan askotan aritu behar izaten zuela “ittulen”.