Zumaiako esamolde bereziak: EZ DANA EZ DEN/K

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2025ko mar. 21a, 08:20

'Bada edo ez da? Liburua ez zaio bustiko behintzat eta...' (Argazkia: CCCB)

Hikako esamolde berezi bat ekarri dugu aste honetan, Euskaraldian hika aritzeko aukera egongo delako, eta udalak Appa hi aplikazioaren Zumaiako bertsioa bultzatu duelako. Bageala, zumaiarrak! Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Gaitasunen bat nabarmen falta duenari edo zerbaiterako balio ez duenari buruz esaten da Zumaian "ez dana ez den" (noka, ahoz "eztana ezten") edo "ez dana ez dek" (toka, ahoz "eztana eztek". Abelin Linazisorok esapideen zerrendatxo bat landu zuen eta hantxe jasota dago hau, "inozo samarrari edo maila arruntera larri iristen denari" esaten zaiola zehaztuta. Horrelakoetan beste aditz forma batzuk ere entzuten dira orain (dekena/denena…), baina menpeko perpausetan ez dira aldatu behar adizkiak, hika arituta ere.

Juan Ramon Llavorik lehengo Baleike.eus webgune honetan bertan idatzi zuen kexa bat, Zumaian erabiltzen den esaera dela zehaztu zuen, eta bigarren zati bat erantsi: Ez dana ez dek, eta sardinzarra beti sardinzarra.

Batuan idatzitako beste adibide bat ere topatu dugu, aspaldikoa, 1979ko maiatzean argitaratutako Oh Euzkadi aldizkarikoa: Ez dena ez duk, ezta Azkoitian ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide