Kontserbak egiteko erabiltzen ziren etxabeei esaten zitzaien Zumaian eta inguruan “sotoa” (ahoz “sotua”). Arritokieta Manterolak ahotsak.eus-eko bideo honetan kontatu zigun mataderiaren ondoan (Algorri interpretazio zentroaren atzean) zegoela kontserbak egiteko tokia, Provostenekoa:
- Fabrikara, sotoa juten ginan, gaiñea, hamalau urte baino lehenuo, hamaikakin, sotoa, antxobai buruba kentzea. Ez zeon diruik eta… Antxoba sotuan zanian, sotoa.
Magdalena Egañak toki horretan bertan egin zuen lana, 1950etik aurrera, baina ordurako Ortizen fabrika zen. Getariara ere joaten zirela kontatu zigun bideo honetan, hango sotoetan lan egitera, etxeen azpietan, orain Eroski dagoen ingurura.
Getarian sotoak antxoak kontserban jartzeko erabiltzen ziren, bestela etxeetan usain handia sortzen zelako, getariar batek hala kontatua. Hala ere, bisigutarako tretzak prestatzeko ere balio zuten sotoek, beste getariar honek azaldu zuenez, eta Donostian ere antzera ibiltzen ziren, donostiar honek aipatutakoaren arabera.
Italieraz “sotto” esaten omen zaio beheko aldeari edo azpiari, eta XX. mende hasieran Italiako familia batzuek (Orlando, Oliveri…) ekarri zutenez antxoak kontserbatzeko modu hori gure ingurura, hipotesi polita da pentsatzea handik ekarritako hitza dela.
Hala ere, ohiko hitza da beste herri askotan ere. Gipuzkoako eskualde batzuetan, tartean Bidasoa-Oarsoaldean, etxe barruko atariari edo entradari esaten diote “soto”, eta halaxe ageri da Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ere; Lezoko lekuko honek dio Kale Nagusiko soto guztietan egoten zirela abereak lehen.
Beste mapa honetan ageri denez, lurpeko biltegiei edo edariak fresko gordetzekoei ere hala esan izan zaie Orion, Pasaian eta Iparraldeko herri askotan, Nafarroa Beherean bereziki. Goizuetan, berriz, ukuiluari deitzen diote “soto”, Patziku Perurena idazleak kontatua, eta mapa honetan ere halaxe jasoa.