Orain “txapero” askoz ezagunagoa den arren, garai batean aguazilari ‘prostua’ esaten zitzaion Zumaian. Hitzaren aldaera nagusia ‘probestu’ da, eta beste batzuk hauek dira: preboste, prebosta, probesto, proestu eta prosto. Esanahi bereko hitz gehiago ere badaude: Azpeitian ‘aguazille’ erabiltzen da, Azkoitian ‘merixue’, ‘txinel’ Bizkai aldean, almirante, amabi…
Julene Azpeitia idazle zumaiarraren “Krabeliñ gorria” izeneko ipuinean daukagu adibide bat, Zumaiako kontuez ari dela: Sarrerako ate aurrean, Patxi prostua (Itzurun’en aguazillari prostua deitzen diote).
Erribera kalean bada etxe bat PREBOSTEKOA izenekoa, behean Inpernupe taberna duena, hain zuzen, eta garai batean probestuaren etxea zela adierazten du; agiri zahar batzuetan PREBOSTUCOA aldaera ere jasota dago. Hala ere, kontuan hartu behar da “preboste” hitzak gaztelaniaz adiera zabalagoa duela, komunitate bateko buruari edo autoritatea duenari ere esaten zitzaion. Itxura denez, Erdi Aroan erregeak izendatzen zituen kargu horiek Gipuzkoako itsasertzeko herrietan, eta ardura ekonomiko eta judizialak izaten omen zituzten. Aipu hau XV. mendeari buruzkoa da:
- En la villa de Zumaia ai un linage que sucedieron de la generación de aquellos Gamboanos, que allí poblaron. E de estos, del que ay más memoria, fue Lope Fernandez de Zumaya, que fue preboste de aquella Villa.