Zumaiako hitz bereziak: PANTASI

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan

Sakea atera aurretik keinu eta mugimendu jakin batzuk egiten ditu Unai Lasok. (Argazkia: Baiko)

Hitz baten adiera berezia ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Harrokeria erakusteari “pantasia” esaten zaio Zumaian eta beste herri batzuetan. Orotariko Euskal Hiztegian antzeko beste aldaera batzuk ere jasota daude: fantasia, fantesia, pantesi... Gaztelaniaz “arrogancia” eta “aspaviento” (tartean keinuak badira) erabiltzen dira adiera horretarako.

Brigida Ibarbia oikiarrak esana da ez zaiola gustatzen Unai Lasok sakea atera aurretik zenbat “pantasi” ibiltzen duen; bateko jauzia, besteko pilotari heltzeko modua... Oiartzunen ere ezaguna da adiera hori, "harroxko" agertzen direnei deitzeko.

Bertsoetan ere topatu ditugu antzeko adibide batzuk:

·         Uztegiko Argiña / bertsolari piña, / ba daukak fantasia / konbeni adiña. (Iztueta)

·         Bainan batzuk ba dute / mila fantesia, / beren baitarik heldu / zaiela grazia. (Bordel).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide