Haizeak itsasoan eragindako mugimendu zakarrari esaten diogu “trapaila” Zumaian eta inguruko beste herri batzuetan. Orion jasota dago esamoldeen bilduman, eta izen hori du musika talde batek ere, gainera. Zarautz hizketan liburuan, berriz, horrela definitzen dute “trapailla”: haize bortitzaren eraginez sortzen den olatu mota gaiztoa. Zarautzen bizi da Anjel Lertxundi idazle oriotarra, eta Berria egunkarian hauxe idatzi zuen 2005eko zutabe batean:
· Bat-bateko haizearen eraginez sortzen den itsaskirria edo trapaila. Estropadetan arraunlari trebatuenek nahi izaten duten itsas zabaleko giro aldakor bizia. Zarauzko gazte batzuek beren asteburuetako girora ekarritako hitza: "Trapaila polita zebilek gaur!". Hitz zahar berritua, testuinguru arrantzale batetik parranda-girora ekarria.
Zumaiako taberna batek hortik hartua du Trapaia izena, eta Juan Ramon Larrañaga arrantzaleak kontatu digunez, batzuetan gertatzen da barruan batere haizerik ez egotea, eta hala ere trapaila, ura mugimenduan, “meneoan”, kanpoko edo lehenagoko haizearen ondorioz. Arrantzan aritzeko ez da atsegina izaten trapaila, eta arraunerako ere ez.
Zorte on Telmo Deun elkarteko traineruei!