Zumaiako hitz bereziak: INKI-MANKA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan

Ez da seinale ona izaten inki-manka ibiltzea. (Argazkia: pexels.com)

Adberbio berezi bat ekarri dugu aste honetan, Alexen bitartez jasotakoa. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zalantzati edo itzulinguruka ibiltzeari esaten diogu “inki-manka ibiltzea” Zumaian eta beste herri batzuetan. Alex Olidenek amari (Trini Antia, Kantera baserrikoa) entzundakoa espresioa da. Orotariko Euskal Hiztegian jasota dago adiera hori (indeciso, irresoluto) eta Elhuyar Hiztegian “hinki-hanka” sarreran ere bai (en duda, con rodeos), Iparraldean erabiltzen dela zehaztuta.

Labayru Hiztegian beste adiera bat ere jasota dago (flaqueando, sosteniéndose a duras penas), eta osasunarekin lotuta erabili izan du hain zuzen Brigida Ibarbia oikiarrak, inor erdi gaixo edo ahul dagoela esateko: Inki-manka hasita dao.

Hirugarren adiera bat ere agertzen da hiztegietan, haserrearekin eta istiluekin lotutakoa (enfadado, reñido, de morros), eta izen modura ere erabiltzen da:

  •           Guda-lekuko zenbait Ordezkaritza inkimanka eta nagi-antxa dabiltzala ikusi da. (Euzkadi’ko Agintaritzaren Egunerokoa , 1937)
  •           Langille-lagunarte au sortu zenean, 1920'n urtean, sortzailleak oso inki-manka ibilli ziran atzeneko «c» horri buruz. (Carlos Santamaria, Zeruko Argia, 1964)
  •           Bailara desberdinetako mutil kuadrilen artean ere izaten ziren halako inki-manka batzuk. (Patxi Etxeberria, Bertsolari aldizkaria, 1998)
  •          Beste etxe batera ezkondu zen eta bere emaztearekin beti inki-manka ibiltzen zen eta azkenean paperak erre zituztenean bere jaiotetxera bildu zen. (Astaitz, Leitza aldizkaria, 2023)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide