Txopan jarritako arraun bakarrarekin ontzia mugitzeari esaten zaio Zumaian eta beste herri batzuetan “singan” edo “zingan” egitea (batzuek “xirgan” ere bai). Manuel Aizpuruak “Puerto de Zumaya” artikulurako hauxe idatzi zuen 1960 inguruan: Los movimientos de las remadas se denominan; 'avante' para avanzar, siya para retroceder, singa en solitario con el remo colocado a popa. Juan Ramon Larrañagak eta Juan Zubiak esan digute “singan” erabiltzen dela hemen; hala ere, Getarian eta Zumaian bertan “boliñian” edo “polaiñean” ere esaten da, baina hori hurrengo batean aztertuko dugu.
Ondarru berbetan egitasmoan ikusi dugu Ondarroan “Dzíngan eiñ” erabiltzen dutela, eta azalpen zehatza ere badakar. Batelaren atzeko aldean, arrauna zirrikitu batean kokatuta, toletaren beharrik gabe, arraun bakarrez batela aurrera eramatea lortzen da. Horretarako, teknika ongi menderatu behar: eskumuturraren mugimendu labur eta azkarrez ezker-eskuin eragin behar zaio arraunari. Erramo bakarra geunkan da dzingan eiñ birrixan dou. Bermeon, Mundakan eta Mutrikun ere "singan" edo “zingan” esaten dute.
Abelin Linazisorok kontatutakoa da tiñetan estropadak egiten zituztela Zumaian:
- Hoitan sartu, arrauna bakarrakin, ta, klaro, arrauna bakarrakin oso zaila dek eamatia kupel borobil bat aurreaka. Eta batzuek bahituan juaten zianak taka-taka taka-taka aurreaka. Eta beste batzuk, ba, buelta, izin eraman aurreaka.
Joxebak Garatek datu gehiago eman zizkigun, besteak beste, “xirgan” lehorretik ontziak arrastatzeari ere esaten zaiola (“zirga”, gaztelaniaz “sirga”), eta sanpedroetan izaten zirela estropadak:
- San Pedro hirugarrenian uretako festa asko iten zian. Batelak eta tiñak eta ahatiak harrapatzen. Holako tiña, egurrezkua, borobilla, barrika balitz, baiña erdidxa. Barrika erdidxa. Eta hor arraun batekin xirgan ein bihar. Xirgan, ba, zea bat in, arrauna… Atzian jarri ta horrela in bihar dek. Oso abilidade, abilidadia euki bihar dek hor’e, xirgako’re. Arraunakin zeatzeko, tik-tik-tik. Ta borobilla dek eta erraz zeatzen duna, zuzen eamaten zailla, oso zailla, tiñak buelta ematen dik eta!
Donostiako Itsas Museoaren ekimenez, azken urteotan tinatxo estropada batzuk antolatu dituzte, eta “Joanes de Areizaga bandera” izena jarri zioten, ustez hura izan zelako tina lehen aldiz arraunerako erabili zuena. Elkanoren laguna omen zen Joanes, eta 1525ean haren espedizio batean ibili zen, gaur egungo Mexiko inguruan. Zumaiarekin lotura handia izan zuen (batzuek bertan jaio zela diote), San Pedro parrokian apaiz ibili zelako urte askoan.
Uretan edo lehorrean, ondo pasa udako oporraldia eta irailera arte!