Ekainean argitaratutako singan hura bezalaxe, txopan jarritako arraun bakarrarekin ontzia mugitzeari esaten zaio Zumaian eta beste herri batzuetan “polaiñean” (ahoz “polaiñian”) egitea; “boliñean” (ahoz “boliñian”) ere erabiltzen da, Getarian bezalaxe. Arraun bakar horri deitzen zaio “polaiña”, eta R. M. Azkueren hiztegiak dio Zumaian jasotako forma dela: POLAIN (G-zumay), zinga, godille. POLAIÑEAN, (remar) á la zinga, (ramer) à la godille.
Aginagako hiztegian definizio zehatzagoa eman zuten: arraunaren antzeko tresna bat da, alaren ondalkiko polain-txuloan kokatuta eta berarekin urari eraginez, norabait ala eramateko erabiltzen dena: bi parte’ttu polañak: polaiñ-asta eta polain-pala. Ana Mª Etxaidek Orioko hizkerari buruz idatzitako liburuan ere jasota dago: "Poláin, remo trasero del ala".
Brigida Ibarbia oikiarrak esan digu “polaiñian” ibiltzen zirela gaztetan, txanala hartuta. Iñaxi Etxabe bertsolari oikiarraren biografian ere agertzen da beste adibide hau:
- Igande arratsaldeetan eta, itsasmarea goian zenean, ibaia bare-bare urez beteta zegoenetan, etxeko txanela hartu eta bakar-bakarrik joaten omen zen askotan, bai ibaian gora edota behera, Bedua alderaino. Inoiz anaiarekin ere bai, Iñaxi arraunean eta anaia polainean zela.
Usurbilgo Noaua aldizkariko da hau:
- Alak ia desagertu dira Oria ibaitik. Dagoeneko oso gutxi ikusten dira eta polainean mugitzen direnak kontatuak dira.
Pello Zubiria aginagarrak ere erabili zuen Argiako artikulu batean:
- Azpi planoa duen ontzia -txanela- da ala, eta arraun luze bat den polainarekin gidatu eta mugiarazten da.
Ibai Esoian oriotarraren bertsopaper batzuetan ere agertzen da:
-
- Gauez, arrastan, zaldi-karreran, / Pelagikoaren pauta! Ez polainean arraunka
- Hegaluzeak amuka eta / Txitxardinak hamalauka (bis)
- bazterrekoen penitentzia / motorzalearen mauka / indartuz doa arauka
- Heltzen da gaua hasten da gerra / harriak tankeen aurka
- Sareak libre dabilzkienak / Sarekadarik ez dauka! (bis)