Itsasontziaren branka (aurrealdea) edo txopa (atzealdea) osatzeko gilatik gora jartzen den egiturari esaten diogu Zumaian “korasta” (ahoz “koasta”). Manuel Aizpuruak “Puerto de Zumaya” artikuluan atzeko aldearekin lotuta aurkeztu zuen: Los nombres que merecen interés son "koasta" la popa; "tosta" el asiento; "toleta" el espárrago donde se coloca el estrobo. Beduola elkarteko Beñat Ibaietak esan digu berak aurrekoari ere deitzen diola “koasta”.
Zarautzen ere erabiltzen da hitz hau, eta Imanol Murua lekukoak aipatu zuen ahotsak.eus gunean. Txiliku idazle zarauztarrak horrela definitua du bere Antigoaleko hiztegian: Kodastak dira itsasontzi edo txaluparen gilaren luzakinak bi ertzetan ezarriak ontziaren egitura osatzen dutenak. (…) Hedaduraz, pertsona baten sudurra ere bada: hago isilik kodasta haustea nahi ez baduk!
Ondarroa Berbetan webguneko azalpena da hau: Gilla sendotzeko ontziek txopan eta brankan duten pieza metalikoa. Itsasontziaren brankako muturra. Molli jo ta koasta mille zati eiñgazkun. Atzekoari ere horrela deitzen zaiola zioen beste lekuko batek: Beti koasta, aurreku. Bañe, atzeko koasta-be bara. Txalopik atzin-be koasta auke; aurreku bezaiñ inportanti. Sudur handi samarrari ere horrela esaten zaio. Pedrok ederre auke koasta. Augustin Zubikaraik ere jaso zuen lokuzio modura: “koasta apurtu", arrantzale berbetan sudurra apurtu.
Bermeon ere erabiltzen dela ikusi dugu Bermiotarra webgunean. Bermeon korosta itsasontziaren aurrea izan arren, beste leku batzuetan, hau da, beste herri batzuetako arrantzaleen artean, atzeari dagokio. Gaztelerazko codaste dela dirudi hitz honen jatorria: codaste, madero vertical sobre el extremo de la quilla que sostiene el timón.