Zumaiako hitz bereziak: TXANPERO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2025eko urriaren 3a

Txanperoa.

Martxelo Linazasoro zumaiarrak egindako txanperoa. (Argazkia: X. Azkue)

Herriko surf txapelketaren atarian, olatuekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Olatuak txanpan hartzeko balio duen zurezko oholari esaten zaio Zumaian eta inguruan  “txanperoa”  (ahoz “txanperua”). Wikipedian azaltzen denez, 120 cm inguru luze eta 30 cm inguru zabal izaten da; aurreko muturrean gorantz kurbatua da eta etzanda olatuetan irristatzeko erabiltzen da. Ingelesez bellyboard esaten zaio. Euskal Herriko hondartzetan ohikoak izan ziren 1980ko hamarkadara arte, material sintetikozko bodyboard (hasieran paipo) izeneko oholak sartzen hasi arte.

Baleike aldizkarian surflari beterano batzuek esandakoak dira hauek:

  • Zumaian gazte asko dabiltza paipoan eta ez bakarrik udan, baita neguan ere. Paipoa baino lehen hala ere, txanperoa zegoen eta beno, bai bat eta bai bestea, niretzat nahiko "light" dira. (15. zk, 1995)
  • Gu txanperoekin ibiltzen ginen, eta gure aurreko belaunaldikoen alboan aritzen ginen. Orduak eta orduak igarotzen genituen haiei begira, eta hurrengo pausoa surfean hastea izan zen. (127. zk., 2004)

Orain 40 eta 60 urte bitartean dituztenek gogoan izango dute Itzurunen zenbat txanpero ikusten ziren garai batean. Ausartenek urertzean ere erabiltzen zituzten gainean tente irristan joateko, eta elurretan etzanda aldapak bixi-bixi jaisteko ere oso aproposak ziren. Zarautzen txanpero gainean snowboard egiten ere aritua da bakarren bat.

Euskal Herrian surfaren hastapenetan toki berezia izan zuten Zarautzek eta txanperoek, halaxe jasota dago azalpen hauetan. Hain zuzen, Zarautzen bizi zen zumaiar bat hasi zen hemen inguruan txanperoak eta piraguak egiten: Martxelo Linazasoro. Baleike aldizkariak erreportaje bat eman zion gaiari, Martxeloren seme-alabekin hitz egin eta gero.

Haritz Larrañaga zarauztarrak Gara egunkarian kontatu zuenez, hegoaldeko euskaldunek Biarritzeko hondartzetan ikusi zituzten lehenbizikoz txanperoak. Itxura denez, lehenago soldadu britainiarrak hasi ziren txanperoak egiten XX. mende hasieran, paipo hawaiiarrak eredutzat hartuta. Argazki zahar eta istorio batzuk jasota daude erreportaje honetan (ingelesez).

Bukatzeko, aita Zumaiakoa zuen beste zarauztar baten bertso zati bat ekarri dugu, Felix Zubiarena (sorta osoa hemen):

Ez nindu(e)n kokildu baina
zurrunbiloen indarrak
olaturik baldin bazen
atera txanpero zaharrak.
Aletak jantziz oinetan
atzean utzi aparrak
goitik behera, a zer txanpak
zuzenak eta azkarrak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide