Haizeak itsasoaren azalean sortzen dituen olatu zurixkei esaten zaie Zumaian eta inguruan “katxopa”. Juan Zubiak eman digu hitz horren berri, eta Juan Ramon Larrañagak zehaztu digu olatu handi samarrei esaten zaiela “katxopa”, txikiagoak “ardiak” izaten direla. Sinonimotzat beste toki batzuetan “katxoi” erabiltzen da, gehienbat Bizkai aldean, Orotariko hiztegian ikusi dugunez; gaztelaniazko “cachón” hitzaren parekoa da.
Inguruko herrietan ere Zumaian bezala erabiltzen den seinale, Getariako Gaztelekuak Katxopa izena du, eta Zarautz hizketan liburuan agertzen da. Imanol Muruak ere ahotsak.eus-eko bideo batean azaldu zuen zer diren “katxopak”, eta nola aldatzen diren haize motaren arabera.
Beste herri batzuetan ardi eta antzekoen izenak erabiltzen dira nagusiki. Bermeo inguruan “bekerekie” (arkume edo antxumea), “ardixe” edo “korderue” dira, eta gaztelaniaz “cabrillas” ere esaten zaie.
Ondarroan, berriz, “erlax(e)” da erabiltzen duten hitz berezia: Itxosun axi ataten dabenin, erlaxak sarri ikustendiz. Augustin Zubikaraik, berriz, haize mota bat dela zioen digu: Erlaize: olatu txikiak ateratzen dituen aizea. Ondarroan “ardiak” ere aipatzen dituzte: Ardixak das gaur, ardixak eta erlaxe gausa bardiñak dis.