Hiletaren ondoren parte hartu dutenei emandako afari-merienda edo mokaduari esaten zaio Zumaian eta inguruan “segizia” (ahoz “seisiya”, eta “segiziyua” ere bai). Beste herri batzuetan “segizio” esaten zaio (baita “progu” ere), eta adiera zabalagoan hilkutxaren atzetik joaten den taldeari egiten dio erreferentzia, gaztelaniaz “cortejo funebre” deitzen zaion horri. Zumaian bezala erabiltzen da Zarautzen ere, eta Txiliku idazleak bere Antigoaleko hiztegian dio “seisiya” edo “proukoa” dela hiletaren ondoren ematen den otordu arina. Maria Antonia Goikoetxeak esan digunez, Iraeta aldean ere esaten dute.
Alex Olidenentzat hitz ezaguna da “seisiya”, eta Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digu Oikian bi talde elkartzen zirela askotan “seisiya” egiteko: gizonezkoak Txortengoan, eta emakumezkoak ikastola egon zenekoan, zentroaren ondoan.
Tolosan ere bazen ohitura hori, eta leku berezi bat ere bazutela azaldu zuen lekuko batek ahotsak.eus gunean:
- Aparte zeon hoi, zimitoriyon. Beste gauza gehio´re… billerak eitteko, elizeako zerbait behar zanen eo hau zala eo segiziok eta gauzak eta bakarren bat hiltzen zan garaien… Gero ardoa ta ogie´re ematen zien, berriz, mezeta juten zienantzat eta biltzeko etxe hoik hola zien.