Zumaiako hitz bereziak: PROGU

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2025eko azaroaren 7a

OƱatiko elizan hileta bateko progua, 1984an. (Andres Arlanzon, Gure Gipuzkoa)

Hileta kontuekin jarraituko dugu aste honetan ere. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Hileta elizkizunetan aurreko ilaretan jartzen direnei esaten zaie Zumaian eta inguruan “progua” (ahoz “proua”); jeneralean familiako jendea izan ohi da. Joan den asteko segizi hitzak bezalaxe, hiztegietan adiera zabalagoa ematen zaio: dolua, kutxaren ondoan egiten den laguntza, etab.  Txiliku idazle zarauztarrak bere Antigoaleko hiztegian dio “proukoa” dela hiletaren ondoren ematen den otordu arina ere, eta halaxe jasota dago hiztegietan.

Marifran Manterolak esan digu elizan entierrotan aurreko bi edo hiru bankuetakoak “prouan” egoten direla. Brigida Ibarbiak, berriz, azaldu digu Oikian “prou juten” zirela ingurukoak, gizonak aurreko ilaran jarrita, eta emakumeak sepulturaren parean egoten zirela; garai batean, gainera, emakume horiek dolua adierazteko manteliña beltz batzuekin joaten omen ziren.

Lekuko batek ahotsak.eus gunean kontatu zuenez, Lesakan hiletak hiru klasetakoak izaten omen ziren, eta maila bakoitzaren arabera opari bat ala bestea ematen omen zitzaion apaizari, “proguan” (ilaran) jarrita. Protokolo moduko bat omen zen.

Orotariko Euskal Hiztegitik hartutakoak dira beste adibide hauek, gehienbat dolu, zeremonia edo segizio adierekin:

  • Obe dala proguko etxera joan [...] pestako etxera baño.
  • Uri guztia proguko modura duloz janzia irten zan beraren errezibimendura.
  • Errege andi bati zegokion proguarekin lurpetu zuten.
  • Biak beti arropa beltz progukoakin
  • Irten ziran bestiakin batera proguan
  • Eta Astelehenean gero Senperen frogua bethi deithu den bederatziurrena.
  • Edolere berek utzi eskuetan diruak / enplegatzen eztituzten atheratzen froguak.
  • Froguetan zergatik phizten dire xirioak eta bertze argiak?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide