Zumaiako hitz bereziak: NONONON

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2025eko azaroaren 14a

Baserri batzuk erdi galduta daude mendian, non edo non. (Argazkia: Gure Gipuzkoa)

Beste adberbio edo aditzondo berezi bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Nonbaiten edo tokiren batean esateko erabiltzen da Zumaian eta inguruan  “nononon”  (osorik idatzita “non edo non”). Koldo Zuazok euskalkiei buruz azaldutakoaren arabera, aurreko “noanoa” hura bezalaxe, bizkaieraz ohikoa da ‘izenordain galdetzailea + edo + izenordain galdetzailea’ egitura hori: nonor, nonon, nonogaz, nonora…

Jon Egañak ahotsak.eus egitasmoko bideo batean eman zigun adibide bat:

  • Nonbait beak eukiko zun testamentuan o nononon jarrita, bestela ezin leike! Tertzerakua in zitzakon. Beak ez zun hori hiltzeako astiik izan, hori esateko. Baiña lehendik eskribituta o zeoze eukiko zun hor

Txiliku idazle zarauztarrak jasota dauka bere Antigoaleko Hiztegian, eta beste adibide hau ere topatu dugu Zarauzko baleari buruzko liburuxka batean (Antonio Zabalaren beste liburu bateko pasarteak):

  • Makiña bat bider nik eskuz eskribitutako bertsoak. Paper artatik kopiatu. Makiña bat kopia bada or nun edo nun, ez dakit nun diran baña.

Bizkaian ohikoa da, eta Labayru Hiztegian jasota dago. Bergara aldeko hiztegian ere agertzen da, adibide hauekin: Nun ero nun egongo die kutxak merke erosteko moduan./ Nik ikusi dot neska ori nun ero nun. Orotariko Euskal Hiztegikoak dira beste adibide hauek:

  • Menturaz non-do-non berriz ere kausituko dudala.
  • Nun edo nun topauko ebala.
  • Non edo non ondo gordeta.
  • Bizi antza yaukoan eta indarra be eukiko yoan arek non edo non.
  • Eta asko dugu ori, klima gozo oiek non edo non ba-direla jakiteko.

 Aspaldiko ARGIA batean ere topatu dugu bertso polita, Albizturko kronikan, ondoan Zumaiako Olaizola medikuaren iragarki eta guzti:

Gaur artan ontz-oyurik / ez nuen nik entzun

Piztiak ongi gorde / ziran nun edo nun

Artot’esne beroak / artuaz katillun

Otza menderatzeko / gogotik jan nitun!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide