Zumaiako hitz bereziak: KAPOLOTAR

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2025eko abenduaren 5a

Gaztainondoaren zumitzarekin egin ohi dira horrelako otarreak. (Gordailua)

Baserrian asko erabili izan den objektu baten izena ekarri dugu aste honetan, Alexi esker jasotakoa. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Baratzeko produktuak eta gauzak garraiatzeko erabiltzen den saski txikiari esaten zaio Zumaian "kapolotarra". Ez da forma bakarra, hala ere, herrian bertan ere jasoak ditugulako "kapelotarra" (Trini Antiari), "kopolotarra" (Brigida Ibarbiari) eta "kapa-otarra" (Mª Jesus Oiartzabali). Itxura batean, kopa forma duelako deitzen zaio horrela. Zestoarren erretolika liburuan "kapolatar" jaso zuten, eta Zarautz hizketan lanean, berriz, honela definitzen dute "kopotar": otarre txikia, janariak-eta eramateko erabiltzen dena, lepotarra baino txikiagoa.

Mª Jesus Oiartzabalen amama, Anttoni Murua, Altzokoa zen eta Endañeta baserrira etorri zen Antonio Aizpuruarekin ezkondutakoan. 97 urterekin hil zen, eta ia azkenenera arte baratzean jardun zuen lanean. Pena bakarra omen zuen bukaeran: ezin zuela kopa-otarra bizkarrera igo!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide