Oihalak lotzeko erabiltzen den zinta txikiari esaten zaio Zumaian eta inguruan “kalartzua”. Txiliku idazle zarauztarrak bere Antiagoaleko hiztegian dio “galartzu” eta “kalartzu” biak erabiltzen direla; galtza barrenak eta antzekoak gogortzeko erabili izan direla eta “galoi” adierazteko ere balio duela. Gaztelaniaz “cadarzo” erabiltzen da toki batzuetan; bestela “trencilla” esaten zaion zinta moduko horri.
Maria Antonia Goikoetxeak kontatu digu ama zenak horrela esan ziola behin:
- Baloria bihar din, almohada azalan kalartzua plantxatu gabe armaiuan sartzeko!
Brigida Ibarbia oikiarrak, berriz, esan digu trentzak muturrean lotu eta moñoak egiteko ere erabiltzen zirela kalartzuak; lehen ez zirela hainbeste goma eta antzekorik izaten. OEH hiztegian topatu dugu horren adibide bat: Buruko illea oria ta mototsaren galartzua gorria. Garai batean umearen fardela lotzeko erabiltzen zela dio Amezketako lekuko batek ahotsak.eus-eko bideo batean.
Antonio Maria Labaienen MATEO TXISTU antzezlanekoa da beste adibide hau:
- Jaso al dezu orria?, bigar garbian ipiñiko det. (Alkitik jakitzen da) Gero orriak galartzu gori batez josiko ditut eta oso «xik» geldituko da.
Tomas Agirrek Uztaro liburuan Hernio mendiko zintak ere horrelaxe izendatzen ditu:
- Mendi-gandorrean kurutzetik kurutzera Kalbarioa esan ondoren, kolorezko galartzuz lepaldea apainduta jeisten dira erromeritar gazteak kantari igande-arratsaldean.
Eta bitxikeria bat, amaitzeko. Andoni Urrestarazu Umandi idazleak kasete edo zintari ere hala deitu zion 1977an gramatika baten osagarriak landu zituenean:
- Euzkal-eliztiaren betebidea galartzu txikien bitaztez : norabidea (Complemento de la gramática vasca por medio de cassettes : guía)