Zumaiako hitz bereziak: TOLARE ERRATZ

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2025eko abenduaren 19a

Gorostia bezalaxe, Gabonetan apaingarri modura ere erabili izan da erratza. (Wikipedia)

Urtea ondo amaitzeko, Gabonekin zerikusia duen landare bat ekarri dugu aste honetan. Datorren urterako proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Hosto antzeko zurtoin berde gogorrak eta fruitu gorriak dituen landare bati (Ruscus aculeatus) esaten zaio Zumaian eta inguruan “tolare erratza”. Hiztegi gehienetan “erratz” agertzen da, baina adiera zabalagoa ere badu izen horrek, beste landare batzuk ere hartzen dituena. Telesforo Aranzadik “erkatz” izena ere bildu zuen, eta “basa-erratz” eta “isats” ere deitzen zaio.

Brigida Ibarbia oikiarrak eman digu izen berezi honen berri.  Sanbartolomebaso inguruan biltzen zuten tolare erratza, sorta egin, makilari lotu eta Epeola baserriko dolarea garbitzeko erabiltzen zuten; itxura denez, sagarrei zukua atera eta gero, likatsu eta zikin geratzen zen dena. Brigidak kontatu digunez, Larretxo inguruan ere egon izan dira horrelako landare batzuk, San Telmo ermitarako bidearen ondoan.

Euskal Herriko sagardoa liburuxkan horrela definitzen dute “basa erratza”: Dolarean muztioaren jarioa errazteko aska garbitzeko erabiltzen den erratz motza. Izen bereko landarearen arbaz egina da. Astigarragako lekuko honek esan zuenez, upelak barrutik garbitzeko ere baliatzen zuten erratza. Wikipedian jartzen duenaren arabera, hosto tankerakoak trinkoak eta gogorrak dituenez, “eskuila” gisa erabiltzen da erratza, ardo upelak hustu ondoren barrutik garbitzeko.

Garbitzeko bakarrik ez, ordea. Jakoba Errekondoren artikulu bateko pasartea da hau:

  • Askak txuloa du, muztioak tinara alde egin dezan, eta, iragazteko, basaerratza (Ruscus aculeatus) edo asun (Urtica dioica) sorta jartzen zen.

Sagardoaren hiztegian ere antzeko azalpena ematen dute “basaerratz” definitzeko orduan: Basoko hainbat landarerekin egindako erratzaren moduko tresna; dolarean iragazki gisa erabiltzen zen. Arizkungo Gamioxarreko dolarean oraindik ere jartzen dute erratza muztioarekin batera datozen sagar puxkak biltzeko, eta Argia aldizkarian 2008an argitaratutako erreportajean Ezkiokoko Igartubeiti baserriari buruz hauxe jarri zuten:

  • Muztioa, gero, askak berak duen pendizaz baliatuz, estolda zulora bideratzen da, eta erratz adarrez iragazi ondoren, ukuiluko tina edo kupel batera erortzen da.

Beste erabilera bat ere badu erratzak, eta Txikipedian ematen dute horren berri: erratzaren adarrak (hostoak diruditen zurtoin lautuak) berde ilunak dira, eta fruitu gorri distiratsuak dituztenez, Gabonetako apaingarri gisa erabili izan dira.

Hala ere, gorostia bezalaxe, gaur egun debekatuta dago erratzak baimenik gabe hartzea eta saltzea. Hernaniar batzuek ahotsak.eus webgunean kontatu zuten garai batean ohitura zela dendetako erakusleihoak Gabonetan landare polit batzuekin apaintzea, eta Donostiara eramaten zituztela saltzera erratza, mihura eta gorostia.

Gabon zoriontsuak eta 2026 oparoa izan dezagula!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide