Zumaiako hitz bereziak: ENTIARRO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2026ko urtarrilaren 9a

Oñatiko entiarro edo hileta bat, 1988koa. (Oñatiko Udala, Gure Gipuzkoa)

Aste honetan hileta bat baino gehiago izan dugunez, horrekin lotutako hitz batekin hasiko dugu urteko zerrenda. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier) eta gogoratu orain arteko hitz berezi guztiak bildu ditugula hemen.

Hileta elizkizunari esaten zaio Zumaian eta inguruan “entiarroa” edo “intiarroa” (ahoz “entiarrua” edo “intiarrua”). Batzuetan ez da argi bereizten  hasirakoa en-/in- den edota tartekoa -ia-/-ie-. Herri batzuetan desberdindu egiten dira hileta (elizkizuna) eta entierroa (lur ematea). Beste forma batzuk ere jasota daude Euskaltzaindiaren EHHA atlasean: hilmeza, ondra, funtzioa...

Aste honetan bertan zendu da Juan Egaña (gugan bego), eta ahotsak.eus-eko elkarrizketa honetan kontatu zigun bere garaian lau klasetako hiletak zeudela: primerisima, primera, segunda eta tercera. Zuloaga pintore famatuari tertzerakoa egin omen zitzaion.

  • Testamentuan o eongo zan apuntauta tertzerakua behar zula entiarrua. Ta hori zan bajuena, zanik bajuena. Ta Zuloagai ez zitzakon hori tokatzen. Zuloagai tokatzen zitzakon primera o primerisima.

Brigida Ibarbia oikiarrak serora-sakristauak izan zituen gurasoak, eta haien lanak zerrendatu zituen beste bideo honetan.

  • Sankristauena o zea zan, goizian sei t’erditan albakua, hamabitakua, ta geo illuntzian angelusa, illunakin batea jotzen zan. Ta geo eleiza garbitzien lanak, o entiarroik baldin bazan o, bataioik o baldin bazan o, beti ontziyak o zeak preparatu ta gauzak iteko, aldareko zapiyak.

Benito Etxabe organista ibili zen bere auzoan, Artadin, baina mugitzea ere tokatzen zitzaion, ahotsak.eus-ko pasarte honetan kontatu zuenez.

  • Nik leheno, hemezortzi urte nittunian Oikira, Urdaneta. Oikiyan, Don Nemesio zeonian, jai haunditan ta hara "Te Deum laudamus" hoi kantatzea ta Oikira askotan. Ta entiarrotan, berriz, urte pilluan.

Inguruko herrietan ere erabiltzen da. Zarautz hizketan liburuan jasota dago entiarro/intiarro eta pasarte honetako adibidea da hau: Orduan kantatzen zan entiarrua, zea, latiñez dana. Urolan gora, berriz, bi adibide hauek ikusi ditugu Zestoarren erretolika liburuan:

  • Familiarte txikiyare badaka ta, horreatik igual jende gutxiyo jungo zan intiarroa.
  • Arruan azkenekoz angailla Nikolasen intiarruan ibiliko zan.

Eibarko hiztegian ere jasota dago “entiarro”, eta blog honetan adibide hau topatu dugu: Eta orduan egunian ikusi nittuan Ospittaleko abadia eta monjak entiarro zibillera juaten. Ahotsak.eus gunean ikusi dugu ohikoa dela Usurbilen eta Andoainen ere, eta Kosme Lizaso bertsolari oiartzuarrak Auspoa sailean Jose Joakin Mitxelenari eskaini zion biografiakoa da beste adibide hau:

  • Biño nik biño egokiago ikusitakoa bazen Joan Mari Lekuona, eta ondorean areri entzun nion Mitxelenaren entiarroan ainbeste gizonezko etzuela bein ere ikusi izandu entiarro batean.

Bukatzeko, getariar batzuei autobusean entzundako esaera polit hau ekarri dugu, herritarren nortasuna erakusten duena:

  • Nahio Getaira entierrora jun Zarautza komuniora baino.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide