Zumaiako hitz bereziak: JAI

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2026ko urtarrilaren 16a

Gorri ala beltz, igandea guretzat “jai”. (Xabier Azkue)

Egutegi eta agenda berriak estreinatu ditugu askok, eta asteko egun berezi baten izena ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier), eta gogoratu orain arteko hitz berezi guztiak bildu ditugula liburuxka honetan.

Igandeari esaten diogu Zumaian eta inguruan “jaia” (ahoz “jaidxa” edo “jaya”). Euskaltzaindiaren EHHA atlasean ikusten da Gipuzkoan erabiltzen dela horrela, Urolaldean bereziki. Beste herri gehienetan “igande”, “domeka” edo horien aldaerak erabiltzen dituzte. “Domeka” ez da Bizkaiko kontua bakarrik, ordea; Azkoitian erabiltzen da (Datorren domekan Urrateiko eune da), eta Zestoan bildutako adibidea da beste hau: Oáñ géyo igándia (esaten da), léno géyo jaya o dómeka. [...] Oáñ batzúk dómeka esán izán de batzúk, gúre amáma zanák e dómeka esán ói zuan...

Baleike aldizkari zahar batzuetan topatu ditugu adibide bat baino gehiago:

  • Jai goizietan, baiña gero mendira eman niyon berriz. Pelotan eskutatikan miñ hartze nun, beti beraa ite zan barbeian. Hiru jaitan erreskan jokatzen baldin banun geo beste bi-hiru jaitan geatu in bihar.

         LUIS MUJIKA, 75. zk.

  • Aurreko jaian (apirilaren 6an) Zumaitik pasa zen Korrika 13, eta ikusi genuen nolako festa giroan bota genituen gure izerdi tantunak.

          IBON MANTEROLA, 110. zk.

  • Jaixan ere ezin gauza haundirik ein, hurrengo eguna lanea jun behar huan-da. Eguerdixan bakarrik ein bihar zanbuila.

         KARMELO ZENDOIA, 160. zk.

  • Jolasian gutxi. Jaian, jai arratsaldian. Goizian mezeta. Etxea jun eta ganauai jatekua ein, nola hala.

         JOXE ETXABE BITTARTE, 171. zk.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide