Baratzeko produktuak eta gauzak bizkar gainean garraiatzeko erabiltzen den saskiari esaten zaio Zumaian “lepaotarra” edo “lepotarra”. Zarautz hizketan liburuan “lepotarra” agertzen da, eta zehazten du “kopotarra” baino handiagoa dela eta baratzean erabiltzen dela artoa, erremolatxa eta antzekoak biltzeko. OEH hiztegian “lepo-otarre” eta “lepa-otar” ageri dira, eta sinonimoa da “bizkar-otarre”. Juan Garmendiak 1970ean argitaratu zuen eskuliburu batean definizio hauxe ematen du: Izen auekin ezagutzen dira arto, sagar eta beste gure baserriko gauzekin erabiltzen diranak. Nekazariak bere bizkarrean erabiltzen du otar au.
Baleike aldizkariaren 150. zenbakian Abelin Linazisorok Jexux Baxakarteri egindako elkarrizketan topatu dugu azalpentxo hau:
- Kapalotarra txikia dek. Hori bidegintzan-eta erabiltzen huan. Baserrietan gutxi. Kamiñeruak erabiltzen zutena dek. Bestea lepaotarra dek. Handiagoa, arbitan-eta ibiltzekoa. Arbiaz bete eta bizkarrean eamateko.
Igeldo inguruan ere saski handi honi “lepo-otarra” deitzen diotela ikusi dugu ahotsak.eus guneko bideo honetan.