Hego haizeari esaten zaio Zumaian eta itsasertzeko beste herri batzuetan "herriko haizea". Justo Garatek 1930eko lan batean jaso zuen (erriko-aize; viento sur en Deba) eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ikusten da Bizkaiko itsasertz ia osoan eta Gipuzkoan, Getaria bitartean, erabiltzen dela batez ere.
Zumaiako adibide polit bat topatu dugu, ahotsak.eus webgunean Jexux Gorostolak kontatutakoa: "Igual etorri hamen Zumai gaiñeaiño, ta haize kontrakua, herriko haizia hartu, ta anda demontre atzea berriz, erria belak eta hala, trabes".
Webgune horretan bertan ikusi dugu Bermeon ere horrela esaten diotela, eta Ondarroan “errekaxi” edo “errekaize” erabiltzen duten arren, Ondarru berbetan egitasmoan azalduta dago “herriko haize”-ren kontrakzioa izango dela seguruena. Txomin Agirrek Kresala liburuan jasotakoa da beste adibide hau: "Zeri barre egin bear ete deutsa gero berorrek, zantar, zikin orrek? Brix izango zara zu beti, erriko aize zoro gangarra".
Kepa Diegez filologoa aditua da eguraldi kontuetan, eta Lekeitioko pasarte hau jaso zuen Etnomet blogean. "Herriko haizea / Errekaizea / Andraizea. Ikusten danez, haize klase hau hiru modutara izendatzen da. Haize hau, dakigunez, hegoaldetik dator, (barrutik edo lehorretik, arrantzaleen esanetan) eta natural-naturala ez danez, herri jakinduriak dino nahastu egiten dabezela buruz pertsonak, onetik urteneragin, batez be, andrak".
Gune horretan bertan Diegezek idatzia du hegotik datorren haizea ez dela beti epela edo beroa izaten.
Bitxikeria gisa, bi libururen izenburuak dira Andraizea eta Erreka haizea.