Zumaiako hitz bereziak: Atoi

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2026ko otsailaren 13a

Traineru moduko bat barratik barrura sartzen, belaontzia atoian daramala. (Zumaia Oroituz liburua, Aladren bilduma)

Herrian erabiltzen diren hitz berezi batzuen berri eman nahi dizuegu, astero. Horretarako aukera dagoenean, ahotsak.eus guneko eta Baleike aldizkariko adibideak ematen ere saiatuko gara. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Arrantza giroan eta baserrikoan erabiltzen den hitz bat ekarri dugu aste honetan, Saioak esandakoa. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Ontzi bat edo beste ibilgailu bat tiratuz eramateko sistemari deitzen zaio Zumaian eta inguruko beste herri batzuetan "atoia". Gaur egun gauzak garraiatzeko atzean eramaten den motorrik gabeko ibilgailuari ere hala esaten zaio. Hiztegietan "atoiontzi" esaten zaionari deitzeko ere erabili izan da Zumaian "atoia", Jexux Gorostolak eta Akelino Osak ahotsak.eus webgunean kontatutakoa horren adibide:

  • (Jexux) "Geo hamen hartu, hamengo atoia esaten zixoen, atoira. Zan, ba, triñeua bezelako bat, arraunian danak, 'raka-raka, raka-raka'. Amarrauta soka, ta hura ekartzen".
  • (Akelino) "Ta atoiai, han juten zianai, pexta bat eo errial bat eo, ez dakit zenbat diru, asko ez huan izango, ematen zikuan".

Gaztelaniaz ere erabiltzen da "atoar" (ekintza "atoaje") eta "toar"; itxura denez, frantsesetik datorren hitza da. Manuel Olaizola Sarria zumaiarraren Euskal senaren mintzoa liburuko "Zumaia’ko kontu zarrak" sortan jasotako bertso bat da hau:

"Patxito eta bere lagunak / beste kuadrilla bikaña! Txotxak apaintzen ta eonian / iaiuak bai, alajaña! Atoajian izaten zuten / noizean beingo ordaña, Fausto ta Justo’nean lagia/ ardotan, baña ez nai aña".

Ondarroako azalpen polit hau irakurri dugu Ondarru berbetan egitasmoan:

ATÓIÑ Atoian (“al remolque”). Aberixi eukiban da atoiñ eruben. Orren txalopi geuk ekarri gendun atoiñ Zumaxatik. Helduek ezagutzen dute, baina gero eta gutxiago erabiltzen dute. Gazteen ahotan erremorkin (atoian) entzungo dugu beti. Honen sinonimoa, zagan. Augustin Zubikaraik dio, norbait mozkor galanta harrapatuta etxera ezin eramanik zebiltzanean esaten zela: Atoiñ-be eziñ ekarri.

Bermeon "zagan" eta "erremorkan" erabiltzen dute, eta Mundakan ere berdin.

Itsasotik lehorrera eginda, ahotsak.eus webgunean ikusi dugu idiekin ere erabiltzen zela antzeko sistema bat, Zarautzen, esaterako:

"Oain Getai kamiyua hasten zeaneko hartan, Narroseko hartan eta oso pika zan han ateatzeko. Behar dezu oso iri pare ona edo bestela atoian ibili ber; bi alkarri lotuta".

Zestoarren erretolika liburukoa da antzeko azalpen hau:

ATOI. Nekazaritzan, ganaduen aurrean, laguntza modura, beste (pare) bat jartzeari deritzo. Hau da, ganadu bati beste bat eranstea gurdi-tiraka laguntzeko. Atoyan ipiniko ziou.

Brigida Ibarbia oikiarrak ere kontatu digu tarteka beraiei egokitzen zitzaiela idi parearekin ezin moldatu eta beste bat aurrean “atoian ipintzea”. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ikusten da Debatik Oriora bitartean erabiltzen zela gehienbat forma hori.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide