Soroen arteko ubide txikiari esaten diogu Zumaian eta beste herri batzuetan “erretena” (batzuek “azakia” ere bai, esaterako Akelino Osak). Gizakiak egindako eta prestatutako kanalak izan ohi dira, ura komeni bezala bideratzeko. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ikusten da Gipuzkoako zati handi batean erabiltzen dela eta Bizkaiko ekialdean ere bai. Antzeko beste hitz batzuk dira arroil(a), urbide, zanga, azeki, areka…
Kantera baserriko Trini Antiak Ardantzara bidean dagoenari deitzen dio “erretena”, eta Baleike aldizkariaren 164. zenbakian topatu dugu beste adibide bat, Basadizarren inguruko erriberei buruz Imanol Azkuek proposatutako ibilbide batean:
- Lurren artean, lubaki edo erretenen bidez bideratzen da ura, nekazaritzarako.
Zarautzen ere ezaguna dute hitz hau, eta erretenak erriberen arteko muga izaten ziren askotan. Txiliku idazle zarauztarrak bere Antigoaleko Hiztegian aipatzen duenez, “emakumearen sexuari deitzeko ere erabiltzen da ERRETEN edo ALU; gorputzeko beste bi erreten ospetsuetatik, bat bi ipurdi-masailen artekoa da, eta bestea, bi titien artekoa”. Batez ere ipurdikoa herri askotan erabiltzen da: