Zumaiako hitz bereziak: PUSLO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2026ko martxoaren 13a

Urez beteta egon ohi dira pusloak. (Argazkia: Wikimedia)

Azalarekin lotutako izen bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Larruazalaren goragune urtsu batzuei esaten zaie Zumaian eta inguruan “pusloak” (ahoz “pusluak”), adibidez, erredurekin sortutakoei. Azkue Hiztegian agertzen da “puslo”, jartzen du “pusla” izenaren aldaera dela, eta zehazten du Gipuzkoan Itziar, Orio eta Usurbilen jaso zuela. Labayru Hiztegian “puspulo” ere ematen dute, esaterako oinetakoek sortzen dituztenak izendatzeko. Eibarko Hiztegian “puspillo” jaso dute, eta erretakoan sortutakoak jartzen dituzte adibidetzat.

Maria Antonia Goikoetxeak azaldu digu errearekin-eta irteten direnei deitzen zaiela Zumaian  “pusluak”. Zarautzen ere “handitu urtsu” denak ez dira berdin izendatzen, eta azalpen hau eman zuen Txiliku idazleak bere Antigoaleko Hiztegian:

  • Baba hitzak eremu zabalagoa du, nik uste: babak dira lan egitean sortzen diren larruazaleko handitu urtsuak, babak dira oinetako desegokiek edo neurriz kanpoko ibilerek oinetan sortutakoak, eta, agian, baita ere ohizko lantegian aritzeagatik eskuetan sortzen diren azal handitu urtsuak. Baina ez zaio baba deitzen zomorro baten helduak azalean sortzen duen handitu urtsuari, eta ezta erreak sortutakoari ere. Horiei pusulo edo puslo deitzen diegu.

EHHA atlasean “ampolla”-ren ordain gisa pusloak, puslak, puspiloak eta babak denak nahasian agertzen dira; “puslo” jaso zuten Azpeitian, Aian, Orion eta Ondarroan. Zestoarren erretolika lanean, berriz, “baba” bakarrik topatu dugu, horrela definitua: Larruazalean sortzen den haunditu urtsua eta ondorengo gogorgunea; bereziki eskulanaren ondorioz sortutakoa. Babak atea zaizkit eskutan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide