Itsasoan edo errioan urak daukan sakonerari esaten zaio Zumaian eta inguruan “sonda”. Adiera edo esanahi horrekin erabili izan da “sonda/sondí” Ondarroan ere: Or sonda txikixera; batelak ondu jokorau (Hor ur sakonera txikia dago; batelak hondoa joko du). Kostaldeko herrietan hitz hau asko erabili izan dela ikusi dugu ahotsak.eus webguneko bideoetan: Hondarribian, Pasaian, Donostian, Orion, Getarian… Hala ere, esanahia ez da berdin-berdina, neurtzeko ekintzari edota horretarako erabiltzen zen sistemari deitzen zitzaiolako “sonda”; sakonera hori braza edo besalditan neurtzen zen.
Abelin Linazisorok bildutako hitza da, eta Imanol Azkuek Baleike aldizkariaren 177. zenbakian 2009ko maiatzean egin zion elkarrizketan ere aipatzen du:
- Geo, udan, arranplan ateatzen ginien zineako dirua. Sonda handixena daon tokixan, Paoleko biria hasten dan hortan. Hotel Amayako frantsesak dirua botatzen zien. Uretatik guk: “Echen perros que sacamos con la boca”.
Lehenago, 2005eko martxoan, aldizkari horren 131. zenbakiko “Gure Zumai zarra” atalean Abelin Linazisorok berak Joxe Manuel Manterolari egindako elkarrizketan topatu dugu beste adibide bat, hau ere Arranplan ibiltzen zirenekoa:
- Ur haundira zanbuila ein, igeri ein, eta gero hondotik, sonda haundixa zeon lekutik, harri koskor bat atera behar huan.